Pilota: finalak Gabon zahar egunean

iban arantzabal 2003ko abe. 3a, 18:20
Pilotari gazte eta helduen txapelketetako finalak izango dira Elgetako frontoian. Gabonetako oporrak aprobetxatuz, eskola umeendako esku-pilota txapelketa izango da abenduaren 29tik 31ra bitartean. Kanporaketak hilaren 29an eta 30ean izango dira eta finalak, berriz, Gabon Zahar egunean.

Txapelketan 6 eta 13 urte bitarteko neska-mutilek hartu ahal izango dute parte. Abenduaren lehen astean izan da zabalik izen emateko epea, baina oraindik norbaitek parte hartu nahi izango balu aukera duela jakinarazi dute antolatzaileek.

Beteranoak

Bestalde, helduendako lau t’erdiko txapelketako final erdiak ere aurki jokatuko dira. Joan zen asteburuan atzeratutako hiru partidu izan ziren jokoan eta jadanik erabakita geratu da zein lau bikote izango diren final erdietan: Arantzetarrak, Koldo eta Txapel, Arantzabal eta Telleria eta Zenitagoia eta Morales, hain zuzen ere.

Finalak 31n

Final erdiak abenduaren 19an jokatuko dituzte eta finalak, eskola umeek bezalaxe abenduaren 31n

Ubera DV torneotik kanpo

Joan zen barikuan jokatu zuen Xabier Ubera pilotari elgetarrak aurtengo DV torneoan estreinako eta era berean azken partidua. Argote zarauztarra bikote zuela Mallabian jokatu zuen final laurdena Irurita eta errearen aurka.

Hurrengo fasera pasatu nahiak presioa eragin zuen pilotariengan eta gogor jokatu arren ez zuen elgetarrak final erdietarako sailkatzerik lortu. Atzean Argote zarauztarrak pilota asko eraman arren, markagailuan hasieratik aurreratu ziren nafarrak. Uberak aurrean ahal zuen guztia eman bazuen ere, Erreak sakean hobeto asmatu zuen. Ordubete pasako partiduaren ostean, 22-14 izan zen azken emaitza Uberaren kalterako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak