Gabonak: Olentzero lehiaketa eta argiak plazan

Irati Agirreazaldegi 2003ko aza. 26a, 12:01
Abenduaren 19rako argiak jarriko dituzte plaza inguruan;bestetik, Olentzero lehiaketa ere antolatu dute abenduaren 20rako. Gabon usaina Elgetan.

Orain artean, Gabonetan, beti ipini izan dituzte argiak herrian eta aurten ere hala egingo dute jaiak gerturatu ahala, herria girotzeko asmoz. Argiak ipini ala ez jarri izan da eztabaidarik Udalean, baina azkenean jartzeko erabakia hartu dute. Aralar alderdiko zinegotziek beraien ezadostasuna azaldu zuten gai honen inguruan, argiak ipintzea gastu energetiko handia izateaz gain, kontsumismoaren irudi ere badela argudiatuz, eta Gaboneak beste modu batera girotu daitezkeela esanez.

Argiak plazan, arboletan eta kataian

Hala ere, Udalak Plazako zuhaitzetan bonbillak ipiniko ditu, herriko sarrerako arkuaren alde banatan “Zorionak” idatzita argiekin eta udaletxeko balkoietan, berriz, piztu eta itzaltzen diren koloretako argiak. Abenduaren 19rako argi guztiak jarrita egongo dira eta Gabon jaiak amaitutakoan kenduko dituzte guztiak.

Olentzero lehiaketa

Bestalde, Gabonei beste ukitu bat eman nahian Olentzeroren irudiak egin eta onena zein den aukeratzea proposatu zuen Aralar alderdiak azken Kultura Batzordean, eta honela ipini dute Olentzero lehiaketa abian.

Edozein herritarrek, ume, gazte zein helduek, har dezakete parte. Irudiak abenduaren 20an, zapatua, arratsaldez, Plazara eraman beharko dituzte parte hartzaileek eta ondoren, sei lagunek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den egokiena edo saria merezi duena.

Sari banaketa abenduaren 23an

Olentzero kalez kale ateratzen da Elgetan egun horretan, herriko umeen eskutitzak jasotzen eta egun hori aprobetxatuko dute antolatzaileek. Ondoren, Gabonak pasatu artean aurkeztutako irudiak herriko hainbat txokotan jarriko dira ikusgai. Oraindik zehazteke badago ere, baliteke herriko elkarteetako balkoietan ipintzea irudiok. Parte hartu nahi dutenek, beraz, 22 egun dituzte ahalik eta irudirik egokienak prestatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak