Jostailuen gaineko ikastaroak eta hitzaldia

Irati 2003ko aza. 20a, 12:37
Gabon jaietan jostailuen inguruan sortzen den kontsumismoa dela-eta, Udalak, Herri Eskolaren laguntzaz jostailuei buruzko bi ikastaro eta hitzaldi bat antolatu ditu herritarrendako. Pili Arin arduratuko da elgetarrei gaiari buruzko azalpenak emateaz.

Pili Arin arduratuko da ikastaroez eta hitzaldiaz, eta plangintza hiru zatitan banatu dute: hasteko, azaroaren 26an eta 27an arratsaldeko 14:00etatik 16:00etara jostailuak egiteko tailerra izango da. Materiala birziklatuz jostailuak asmatzen erakutsiko diete bertaratzen direnei, jolasen alderdi didaktikoa landuz.

Abenduaren 16an, berriz, jostailuei buruzko hitzaldia egongo da Pili Arin beraren eskutik.

Konponketa

Gabonen ostean, berriz, urtarrilaren 14an, hain zuzen ere, jostailuak konpontzen ikasteko beste ikastaro bat egingo dute. 16:30ean hasiko da ikastaroa. Etxean edo ganbaran gordeta eta erabili ezinda dituzten jostailu zaharrak eraman ahal izango dituzte tailer honetara eta irakasleak hauek konpontzeko truko txikiak erakutsiko dizkie, ondoren berriz berauekin jolastu ahal izateko.

Heziketa helburu

Antolatzaileek esan digutenez, jostailuen inguruan antolatu dituzten ekintza hauetan interesa duen edozein herritarrek har dezake parte, ez haur eta gurasoek bakarrik. Izan ere, beraien helburua, jostailuak egiten eta konpontzen erakusteaz gain, umeek eta gurasoek zein beste senideek elkarrekin jolastuz harremanak sendotzea da. Honela bada jolasteaz gain, jostailuei buruzko gauzak ikasi nahi dituztenek zabalik dute atea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak