Zergak eta tasak 2004an %2,5 igotzeko proposamena

Irati 2003ko aza. 14a, 12:52
Astelehenean, hilaren 17an, egingo dute Udalean osoko bilkura. Bertan besteak beste datorren urterako ordenantza fiskalak izango dituzte eztabaidagai. 2004ko zergak eta tasak gaurkotzean %2,5eko igoera egitea proposatu dute.

Astelehenean, azaroaren 17an, egingo dute osoko bilkura Udalean zinegotziek eta alkateak. Beste hainbat gairen artean udal-zergen igoerari buruzkoa mahaigaineratuko dute. Urtero egiten dute gora udal-zergek eta aurten ere horrela egitea da proposamena.

Tasak eta Zergak gaurkotzean 2002ko irailetik aurtengo irailera bitartean KPIk izan duen igoera hartuko dute kontuan. Gipuzkoan %2,8 igo da, eta erreferentzia hori kontuan izanda, tasak %2,5 igoko lirateke Elgetaren kasuan. Iaz igoera %3,5ekoa izan zela ikusita, aurtengo igoera txikiagoa dela esan genezake. Hala ere, Udaleko zerbitzu guztietan ez da igoera bera aplikatuko. Batzuek igoera handiagoa izango dute, beste batzuek, aldiz, txikiagoa, eta egongo dira inolako aldaketarik izango ez duten zerga eta tasa gutxi batzuk ere.

Jarduera ekonomikoa

Igoerarik handiena izan duen zerga jarduera ekonomikoei dagokiena da, %22 hain zuzen ere. Igoerak harrigarria badirudi ere badauka azalpena: Zerga hau salmenta handiak dituzten enpresa eta jarduerek baino ez dute ordaindu behar. Lehen denda eta negozio txikiak ere zerga honi zegokion diru kopurua ordaintzera behartuta zeuden, orain, ordea, ez dira multzo honetan sartzen. Iaz zergen aldaketa eztabaidatzeko orduan gai honen gainean izan zen desadostasunik. Urtero bezala gora egiten duen beste zerga bat hilerriaren zerbitzuari dagokiona da. Izan ere, zerbitzu hau defizitarioa da. Iaz 108,18 euro ordaindu behar baziren aurten 114,18 euro da tarifa. Bestalde, eraikuntza instalazio eta obren gaineko zergek ez dute inolako aldaketarik izan iaz bezala %5ean mantenduko da. Behin proposamena luzatuta datorren astelehenean udalbatzak azken erabakia hartzea baino ez da falta. Onartuz gero, elgetarrek udal zerbitzuengatik %2,5 gehiago ordainduko dute 2004tik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak