San Roke kale ostean dagoen Maalako parkea eta ingurua txukuntzeko eta egokitzeko erabakia hartu du Udalak, eta horretarako proiektua aurkeztu berri du.
Parkea bera txukundu eta ziburuak egokitzeaz gain, lorak ipintzeko asmoa azaldu dute eta baita paseoa egiteko nahia ere Iturria ere ez omen da faltako parkean edo bertatik gertu. Ermitatxo bat eraikitzea ere aurreikusi dute. Izan ere, Gotzaindegiarekin hitzarmena egina dute.
Oraingoz, proiektua aurkeztu baino ez dute egin eta laster jendaurrean jarriko dute ikusgai, norbaitek ekarpenik egin nahiko balu. Lan hauek egiteko 289.996 euroko aurrekontua egin du Udalak, baina oraindik planak aurrera egin dezan onartu egin behar da eta horren arabera gerora erabakiko litzateke obrak noiz egin.
Salbador kalea
Maala ingururako bakarrik ez du Udalak obra plangintza egin. Lehenago San Roke kalean egin zuten bezalaxe Salbador kalean berrikuntzak egitea erabaki dute eta horretarako proiektua prest dago.
Bertan, estoldak konpontzeko eta kableak lur azpitik sartzeko asmoa dago, besteak beste. Farola berriak ipintzea eta espaloiak errepidearen altuerara egokitzea dira plangintza horretako beste puntu batzuk. Proiektua onartuko balitz, ordea, lanak ezingo lirateke hasi saihesbidearen lehenengo zatia eginda ez badago, trafiko arazoak sortuko lirateke eta.