Guztien aurretik, elkartasuna berriz ere garaile Urkulun

Txomin Madina Milikua 2018ko urr. 21a, 15:40

Laugarren urtez, Urkuluk eta inguruek hartu dute Mundukidek antolatzen duen Kooperatiben Arteko Lasterketa Solidarioa. 32 taldek hartu dute parte aurten: gizonezkoetan, Tafallako Fagor Ederlanekoak izan dira nagusi; emakumezkoetan, Coprecikoak; eta mistoetan ere, Coprecikoak.

Eguraldia lagun, kirolak, elkartasunak eta ondo pasatzeko gogoak bat egin dute gaur Urkulun Mundukidek antolatzen duen Kooperatiben Arteko Lasterketa Solidarioari esker. Hiru kidez osatutako 32 taldek hartu dute parte lasterketa honen laugarren aldian, eta Coprecikoak hiru kategoriatik bitan izan dira garaile: emakumezkoetan -Lorea Barrutia, Guruzne Antxia eta Lurdes Larrañaga- eta talde mistoetan -Gorka Iturbe, Oier Etxebarria eta Miren Apraiz-. Bigarren urtez, Fagor Ederlanen Tafallako lantegiko Miguel Ruiz, Hector Iturria eta Miguel Guillen izan dira gizonezkoetan azkarrenak. Parte-hartzaileek Urkuluri buelta ematen dion 7 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute, eta lasterketa izan den arren, lehenago edo beranduago heldu, korrikalarien aurpegietan irribarrea eta poza izan dira nagusi. Aipatu, era berean, Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako kooperatiben kideak izan direla gaur Aretxabaletan.

Lasterketaren aurretik gainera, beste 120 pertsonak ere eman diote buelta Urkuluri oinez zein nordic walking-a eginaz ibilbide berdina. Kasu horretan, baina, ez da lehiaketa bat izan. Probaren amaieran, sariak banatzeaz gain hainbat opari ere zozketatu dira parte-hartzaile guztien artean.

Mundukidekoak pozik agertu dira, aurten parte-hartzaile kopuruak gora egin duelako, eta ekitaldiak fundazioaren lana eta proiektuak ezagutzera emateko balio izan duelako.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak