Eskola publikoa sustatzeko jaia

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 17a, 16:09
Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolakoak, zapatuko jaira doazenei ongietorria egiteko talde argazkian

Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren jaia zapatuan izango da, Eskoriatzan. Egitarau ederra prestatu dute, eta, 'Hezi eta hazi' lelopean, eskola euskalduna, inklusiboa eta plurala den mezua helaraziz, eskola publikoaren eredua aldarrikatuko dute.

Debagoieneko Euskal Eskola Publikoaren lehen jaia, zapatuan, izango da, Eskoriatzan. Hala, egitarau zabala prestatu dute eskualdeko guraso elkarteek eta Baikarak elkarlanean.

Ez da kasualitatea jaia Eskoriatzan egitea; izan ere, eskola publikoaren matrikulazioen portzentajea herri horretan jaitsi da nabarmen. "Eskola publikoaren balioak nabarmendu nahi ditugu, matrikulazioak asko jaitsi direlako, orokorrean. Eskoriatzan, ikasleen %30 matrikulatzen dira eskola publikoan; beste hainbat lekurekin alderatuz, nabarmen gutxiago", adierazi du Antonio Regañok, Koldotxo Guraso Elkarteko lehendakariak.

Zapatuko jaia Euskal Eskola Publikoaren jaiarekin bateragarria dela gaineratu du Regañok: "Zapatukoarekin ez dugu ekainaren 2an Oreretan egingo den festa eklipsatu nahi. Guztiz kontrakoa; egun horri begira, jende gehiago batu nahi dugu. Izan ere, iaz, sei autobus irten ziren Arrasatetik eta aurten, gehiago batu nahi ditugu".

'Hezi eta hazi' lelopean

2012-2013 ikasturtean Luis Ezeiza Herri Eskolak sortutako kantaren izenburuaren lelo bera izango du festak: Hezi eta hazi. Eskola euskalduna, inklusiboa eta plurala den mezua helarazi nahi dute kanta horrekin, eta asmoa da eskola publikoa bultzatzea, eskola publikoa osatzen duen komunitate guztiari babesa adieraztea eta eskola publikoa lehenestea. Hori horrela, bailarako eskola guztietatik joango dira, bihar, eskola publikoaren eredua aldarrikatzera.

Egunari hasiera emateko, harrera ekitaldia egingo dute, 11:00etan, plazan. Koldotxo Guraso Elkarteko lehendakariak, Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak eta Luis Ezeizako irakasle, guraso eta ikasle banak berba egingo dute eta ikasle batzuek aurreskua dantzatuko dute. Gero, flasmob erraldoia izango da, eta, hori amaitzean, trikitilariek lagunduta Luis Ezeizako eskolarako bidea hartuko dute, Debagoieneko eskola bakoitzak bere pankarta patioko hesian jarri dezan. Ekintza horrekin, beste gune guztietako egitarauari irekiera emango diote.

Elkarlanaren garrantzia Jai hori aurrera eramateko, Debagoieneko eskola publiko guztiak, Baikara, Eskoriatzako Udala eta Koldotxo Guraso Elkartea daude, baina lan handiena Debagoieneko gurasoen, irakasleen eta ikasleen lan boluntariotik datorrela adierazi du Regañok: "Finantziazioa garrantzitsua bada ere, denon elkarlana da azpimarratzekoa. Horrez gainera, festa antolatzeko Eskoriatzako Udalak emandako erraztasunak eta udal langileek egindako lana ere eskertu nahiko nituzke, eta baita babesleak ere: Auzolan, Lacturale, eta abar".

Babesa adierazi diote jaiari

Eragile, norbanako eta erakunde administratiboek ere Debagoieneko Eskola Publikoari babesa adierazi diote, eta sare sozialen bidez hainbat izan dira horren adierazle: Amelia Barquin, Kultura arteko Hezkuntza irakaslea; Ezker Anitza-IU; Iñaki Perurena, harri-jasotzailea; eta Markel Olano, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia, besteak beste.

Autobus zerbitzu berezia

Garraio publikoa erabiltzeko eskaera egin dute antolatzaileek; zerbitzu berezia izango da –Lurraldebus.eus webgunean dago ikusgai–. Autoz joango direnei, berriz, Huheziko edo estazio zaharreko aparkalekuak erabiltzeko dei egin diete. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak