Abisu Laranja beroagatik

Jokin Guridi 2017ko eka. 19a, 15:49

Gaurtik hasita, asteazkena bitartean, abisu laranja jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak tenperatua altu iraunkorragatik. Tenperatura maximoak 35ºC inguruan ibiliko dira eta arratsalde partean ekaitza egin dezake hurrengo egunetan.

Abisu Laranjak arriskua suposatzen du eguneroko aktibitateak egiterakoan, batez ere haur eta adinekoentzat, baita eguzkitan kirola egiten edo lan egiten duten horientzat ere. Aurreikuspenek diotenez, astelehena eta asteazkena bitartean 35ºC inguruan ibiliko dira tenperatura maximoak, eta minimoak aldiz, 19ºC inguruan kokatuko dira Kantauri isurialdean. Arratsalde partean berriz, batez ere astelehen eta asteartean, bero-hodeiak sortu eta ekaitza egin dezake zaparrada txiki-ertainak botaz. Txingorra ere egin dezake. Asteazkenean berriz, bero-hodeiak sor daitezke arratsalde partean baina ez da ekaitza aurreikusi.

Tenperatura maximoak ostegunean jaitsiko dira 28ºC aurreikusten direlarik, baina tenperatura minimoak bere horretan mantenduko dira, ipar-mendebaldeko haizea nagusituko delarik.

Hau dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hainbat gomendio luzatu ditu datozen egunetan Abisu Laranjari aurre egiteko:

  • Likido asko edan, batez ere ura, deshidratazio-arriskurik ez izateko. Ez itxaron egarria izan arte edateko. Ez edan alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duen edaririk.

  • Otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.).

  • Itxi leihoak eta pertsianak eguzkiak jotzen duen aldean, eta bero gutxien egiten duen uneetan freskatu eta aireberritu etxea.
  • Arropa egokia, lasaia, arina, kolore argikoa eta arnasa hartzen uzten duena erabili, eta oinetako erosoak eta freskoak.

  • Saiatu kalera ez irteten bero handiena egiten duen orduetan.
  • Atera beharra izanez gero, eraman burua estalita eta erabili eguzkitako betaurrekoak, eta ahal izanez gero itzaletik ibili.

  • Aire zabalean kirola egin nahi izanez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
  • Inoiz ez geratu eta inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.

  • Arreta berezia jarri haur txikiekin, adinekoekin eta beroak eta deshidratazioak areagotu ditzakeen gaixotasunak dituzten pertsonekin (esate baterako, bihotzeko gaixotasunak dituztenekin).

  • Adinekoek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasun-egoeraren batean daudenek, arazoak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko, eta komeni da, beraz, senide, adiskide edo auzoko batek egunean behin gutxienez bisita egitea, eta, behar izanez gero, gizarte-zerbitzuen laguntza eskatu behar da.

  • Kontsultatu medikuari honako sintoma hauetakoren batek ordubete baino gehiago irauten badu eta tenperatura altuekin lotuta badago: ahultasuna, nekea, zorabioa, goragalea edo konortea galtzea.

  • Botikak leku freskoan gorde, beroak konposizioa eta eragina alda baitezake.

  • Pertsona batek intsolazioa jasaten badu, leku freskoan eduki, buruan eta besazpietan zapi bustiak jarri eta ura eman edateko gatzarekin eta bikarbonatoarekin nahastuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak