Oier Etxebarria: "Jende berria ezagutuz, taldean egin gura dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 17a, 15:33
Oier Etxebarria.

Gatzagatik Bermeora mendiz mendi ekimena zapatu honetan gauzatuko da. Bizkaiko udalerrian izango den Arrain Azoka baliatuta, ura eta gatza eramango dute bertara.

Maiatzaren 20an, zapatu honetan, 07:00etan, Bermeorainoko 77 kilometroko bidea egingo dute, Leintz Gatzagatik, mendiz mendi, eta 21:30 inguruan heltzea aurreikusten dute. Ura eta gatza lekuko moduan eramanda, udalerri bizkaitarrera Hiruerreketako ura eta Gatzagan ekoiztutako gatza eramango dute, Arrain Azoka dela-eta, hemengo produktua ezagutarazteko asmoz.

Zein asmorekin antolatu duzue ekimen hau?

Egun-pasa ederra egitea da helburu nagusia, ibilbide berriak ezagutarazteko. Gatzagako Gatz Museokoek dutena eta guk dugun nahia elkartuz, Gipuzkoa barrualdean ekoizten den produktua, Bermeon, kostaldean ezagutarazteko eta promozionatzeko. Bestalde, jende berria ezagutzeko aukera ematen duen ekimena da, eta taldean egin gura dugu.

Nork har dezake parte mendi martxa horretan?

Parte-hartzea zabalik dago, eta  nahi duena etorri daiteke; hala ere, gurekin etortzeko asmoa dutenei, abisatzeko eskatzen diegu; niri (688 88 12 90) edo Rosari (608 34 85 22) deituta. Ibilaldia bakarrik, taldeka edo nahi bezala egin daiteke, eta, gainera, ibilbidea osorik edo tarteka egin daiteke.

77 kilometro guztira; osorik egingo duenik ba al dago?

Markoa zein den jakin behar da, ez da lasterketa bat. Batzuek Gatzagatik Bermeoraino joateko asmoa dugu. Beste bat, Asier, bizikletan ere animatuko da osorik egitera… Hala ere, Durango eta Gernika izango dira puntu nagusiak, bertatik hasi edo bertaraino ere egin daitekeelako bidea. Hala ere, asmoa denok batera taldean egitea da.

Lekuko bitxia eramango duzue, gainera?

Hiruerreketako ura eta Gatz Museoan ekoiztutako gatza eramango dugu Bermeora. Izan ere,  han, Arrain Azoka ospatuko dute asteburuan, eta aukera aparta dela uste dugu hemengo produktua han ezagutarazteko. Donostiara joan ginenean, iaz, berdin egin genuen, eta opariak elkarbanatuko ditugu han jasoko dugun ongietorrian. Bestalde, Leintz Gatzagak saltokia izango du, eta tailer batzuetan hartuko dugu parte.

Bidea ezagutzen al duzue? Galtzeko arrisku barik joango zarete?

Egingo dugun hainbatek ezagutzen dugu, gutxi gorabehera, bidea eta, gainera, ibilbidearen track-a GPS bidez egingo dugu. GR-38 bidearen zati bat hartzen du, Ardoaren eta arrainaren ibilbidea deritzona, eta jende asko ibiltzen da, ez dut uste galduko garenik…

Gaur, 19:00etan, Gatz Museoan elkartuko zarete azken batzarra egiteko?

Hala da, batzar informatiboa egingo dugu; logistika, eraman beharreko gauzak…  azken gauzak lotzeko. Batez ere, Bermeotik bueltatzeko nola egingo dugun, kontaktuak elkartrukatzeko, Whatsapp taldea eratzeko…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak