"Ondo esan gura nuen agur, eta pozik noa, egindakoaz harro"

Xabier Urtzelai 2017ko mai. 15a, 14:40
Mikel Gonzalez de Martin, prentsaurrekoan, eguerdian.

Realeko kapitainetako batek, Mikel Gonzalez de Martinek, agur esan du eguerdian komunikabieen aurrean egin duen agerraldian. Arrasatekoa hamaika urterekin iritsi zen talde txuri-urdinera, 300 partidu jokatu ditu lehenengo taldearekin, eta atzo egun berezia bizi izan zuen Anoetan. Gaur ez da malkorik egon, umore onez eta egindako ibilbidea errepasatuz agurtu da.  

"Egun berezia da niretako, betirako izango dudan zerbait, baina ez naiz askorik luzatuko", adierazi du Mikel Gonzalez de Martinek gaur Zubietan egindako prentsaurrekoan. Komunikabideekin batera Zubietako langile asko izan dira bertan, taldekide eta lagun dituen jokalari guztiekin batera. Hala, hasierako emozioei eutsita, ondoren eroso egon da, broma giroan. Eta esandakoa bete du arrasatearrak, 15 minutu nahikoa izan ditu momentuan sentitzen zituenak azaleratzeko, urte hauetako onena eta txarrena azpimarratzeko –mailaz jaitsi izana, eta ondoren taldea Lehenengo Mailara igo izana–, eta esker oneko berbak esateko: "Ondo esan gura nuen agur, eta halaxe egingo dut. Pozik noa, eta egindakoaz harro".

Arrasatekoak azpimarratu du Reala dena izan dela beretzako. Kirol ibilbide osoa egin du bertan –Anorgan egindako urtea kenduta– hamaika urterekin iritsi zen-eta Zubietara: "Haurra baino ez nintzen adin horrekin Realera iritsi nintzenean, eta orain, haur izaten jarraitzen badugu ere, dagoeneko apur bat hazi gara [Barre]. Bada, urte hauetan guztietan entrenatzaile askorekin egon ahal izan naiz, eta taldekide mordoa izan ditut. Egia esan, taldekideak eta lagunak dira, eta hori bada datu esanguratsua, aldagela horretan zer-nolako jendea dagoen erakusten du".

"Lehiakor ikusten dut nire burua, eta baikorra naiz"

Azken urtean Mikelek ez du gurako zukeen beste jokatu: "Urte batzuetan erregulartasun handia izan dut, eta aurten, esaterako, ez dut askorik jokatu. Hori datu objektiboa da, eta Realaren deiaren zain nengoen bitartean pentsatu izan dut horretan guztian. Gertu nengoen, edozer entzuteko gertu". Bada, Realak jarraitzeko eskaintzarik egingo ez diola jakinda, denboraldia ondo amaitzea da buruan duena: "Ondoren etorriko da etorkizunean pentsatzeko astia. Izan ere, jokatu dudanean lehiakor ikusi dut nire burua, eta ondo sentitu naiz berdegunean. Pozik nago horregatik, 31 urte ditut eta sinistuta nago maila ona eman dezakedala. Hala, nire lehentasuna Realari entzutea zen, eta jarraituko ez dudala jakinda udan buru-belarri jarriko gara etorkizunera begira". 

Aitortu du atzoko eguna oso berezia izan zela –koadrilakoak izan zituen agur partiduan, etxekoek lagunduta egin zuen salto berdegunera, Anoetako zaleen txalo zaparrada jaso zuen eta Aperribai presidenteak urrezko intsignia jarri zion– eta prentsa aretokoen txalo artean esan du agur, aparteko protagonismorik hartzeko asmo barik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak