Faxismoaren Elgetako biktimak omendu dituzte Intxortako erresistentziaren 80. urteurrenean

Maite Txintxurreta 2017ko api. 23a, 17:04

Urtero legez, errekreazioa egin dute Intxortako magalean, eta ondoren Elgetako frontoian omenaldia jaso dute 1936ko gerran faxistek herrian burututako krimenen biktimen familiartekoek.

Goizeko hamarretatik aurrera hasi dira Herriko Plazan elkartzen gerora borrokaldiaren errepresentazioan parte hartuko zuten herritarrak, bakoitza bere uniformeaz jantzita. Gudariak eta milizianoak ziren gehienak. Erizainak eta medikuak baziren tartean. Bertan, duela 80 urteko Elgeta irudikatuaz antzezpen batzuk izan dira, eta horiek bukatzean frontea egondako lubakien gunera igo dira guztiak, txistularien musikaz lagunduta.

Intxortako Atearen parera iritsita, bakoitzak bere tokia hartu du. Tropa faxistak Asentzioko putzu inguruan zeuden erasoa jotzeko prest. Pareko lubakietan aurkitu dituzte zain haien aurrerapena galarazteko prest zeuden gudariak eta milizianoak. Guda eremuaren kanpoaldean jende ugari elkartu da aurten ere errekreazioa ikusteko, eguraldia lagun izan dutelarik.

Ordu erdi inguru iraun du errekreazioak, eta azkenik, lubakietakoen erresistentzia gainditu ezinik, faxistak erretiratu egin dira, ikuslegoaren txalo artean. Duela 80 urte, 1937an, data hauetan izandako borrokaldi gogorrak irudikatu gura izan dituzte. Orduan, gudariek eta milizianoek zazpi hilabetez altxatuen aurka tinko mantendu eta haiek Bilbo aldera egitea ekidin bazuten ere, apirilaren 24an erori zen Elgeta.

Frankismoaren inpunitatea salatuz

Errekreazioa bukatzean, Elgetara itzultzeko martxa egin dute guztiek batera, "Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez!" zioen pankartaren atzetik.

Era berean, herrira iritsitakoan Udal Pilotalekuan burutu duten ekitaldian, Intxorta 1937 kultur elkarteko Julia Mongek asteon hildako Carlos Slepoy abokatu argentinarra izan du gogoan, frankismoaren biktimen defentsan lan handia egindakoa. "Giza eskubideen defendatzailea" izan zela esan du Mongek, eta frankismoaren inpunitatearekin bukatzeko ordua dela adierazi du. Dei egin du jakin badakitelako oraindik ere lokalizatu gabeko gorpuzkin ugari daudela Elgeta inguruko lurretan lurperatuta. Inork informazio gehiago izanez gero jakinarazteko dei egin du.

Elgetako alkate Iraitz Lazkanok, bere aldetik, gerra garaian faxistek Elgeta hartu zutenean eginikoak salatu ditu: "Epe batez nahi zutena egiteko baimena eman zieten, eta denetariko sarraskiak egin zituzten herrian: lapurretak izan ziren, hilketak, bortxaketak...". Lazkanok azaldu du orduko kontakizunak jasotzeko lanetan ibili direla, eta jakin ahal izan dutela "gutxienez" 32 elgetar erail zituztela garai hartan indar faxistek. Horregatik erabaki zuten gaurkoan omenaldia bereziki elgetar biktimei zuzentzea, haiekiko nolabaiteko "zorra" baitzeukaten eta. "Justizia egiteko garaia iritsi da", esan du alkateak ekitaldian.

Lazkanok salatu du gizateriaren kontrako krimen horiek "ezkutuan mantendu nahi izana", eta frankismoaren inpunitatearen adibidetzat jarri du asteon Sanjurjo jenerala Melillan "ohore militarrekin" birlurperatu izana. Era berean, gogorarazi du Elgetako Udala frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako kereilan pertsonatzeko txostena osatzen diharduela.

Elgetarrei omenaldia

Frontoiko ekitaldian Durangoko Karrika antzerki taldeak Izarrak Marrazten obra antzeztu du, kartzelan, bata bestearen ondoko ziegatan dauden hiru borrokalari antifaxisten istorioa irudikatuz. Presoak Estepan Lauaxeta, Julia Conesa eta Joseba Sarrionaindia ziren. Jarraian, Joseba Tapia musikariak Agur Intxorta maite diskoko Ekaitza eskaini du, Irungo bertsolari errepublikar Joxe Mari Lopetegiren hitzekin. 

Horren ostean, identifikatu dituzten 32 hildako elgetar horiek gogoan, haietako hainbaten familiartekoek omenaldia jaso dute gaurko ekitaldien barruan. Instituzio, udaletxe eta herriko hainbat taldeetako ordezkariak arduratu dira omenduei arrosa eta Egiaren Iturria eskultura bana emateaz. Bukaeran, aurreskua dantzatu diete.

Ekitaldiaren amaieran, omenduen familiakoak hunkituta azaldu dira, eta adierazi dute "polita" dela halako aitortza jasotzea, nahiz eta nabarmendu duten sarraski horien egileek ez dutela zigorrik jaso.

Ekitaldia amaitzean bazkaria herrikoia izan dute Elgetako frontoian bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak