Futbol jardunaldi erakargarriaren aurrean

Xabier Urtzelai 2017ko mar. 31a, 13:55
Aloña Mendik etxean jokatuko du bigarren astez jarraian.

Futbolean jardunaldi interesgarria izango da asteburukoa, bai Ohorezko erregionalean eta baita beheragoko kategorian ere. Aloña Mendik finala izango du jokoan, Mondrak eta UDAk aurrealdeko taldeen bisita izango dute; Bergarak eta Antzuolak mailaz igotzeko borrokan beste partidu garrantzitsu bat izango dute, eta emakumezkoetan, Bergara-Mondra derbia izango da, kopan.

Aurrealdeko postuak gehiago estutzeko aukera aparta dute ibarreko ordezkariek asteburuan. Zapatuan, laugarren dagoen Mondrak (46) lider dagoen Anaitasuna (54) hartuko du Mojategin (16:30), eta domekan hirugarren dagoen Aretxabaletak (51) bosgarren dagoen Real Unionen (45) bisita izango du. Aretxabaletak lehenengo itzulian falta izan zitzaion erregulartasuna lortu du, eta Mondrak atzerapausoa egin du aurrekoen borroka horretan, etxetik kanpora galdutako azken bi partiduen ondorioz. Zubiaren mutilek, baina, azarotik ez dute etxean partidurik galdu.  

Aloña Mendik beste final bat 

Joan den asteko garaipen garrantzitsuaren ostean (2-1), Oñatiko taldeak hil ala biziko beste partidu bat izango du, ostera ere Azkoagainen (Domeka, 16:30). Izan ere, Urzelairen mutilek (25) postu bat gorago dagoen Hondarribia (29) izango dute aurrean. Ezinbestekoa da garaipena Hondarribia ere atzealdekoen saltsan sartu arazteko  

Bergarak ere etxean 

Beheragoko kategorietan ere partidu garrantzitsuak egongo dira jokoan. Lider jarraitzen duen Bergarak Lagun Onak hartuko du bihar Agorrosinen (17:00), eta Antzuolak ere lehenengo postua defendatzeko partidua jokatuko du Donostian bihar (19:30, Vasconiaren kontra). 

Emakumezkoetan, derbia

Igoera fasean dabilen Arizmendik Mutriku hartuko du bihar (11:00), eta Bergarak eta Mondrak derbia jokatuko dute kopa barruan (Domekan, 17:00, Ipintzan).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak