goiena.eus

Paziente Bizia programaren lehen euskarazko taldea Debagoieneko ESIn

  Osasuna  Debagoiena

Arrasateko, Aretxabaletako eta Aramaioko hamahiru pertsonek parte hartu dute euskaraz egin den lehen Paziente Bizia programan.

Paziente Bizia gaixo dauden pertsonei laguntza ematea helburu duen hezkuntza programa bat da. Egunerokoan lagunduko dieten ezagutzak eta trebetasunak eskaintzea da asmoa, euren osasun-egoerak hobera egin dezan. Orain arte Eskoriatzan, Bergaran, Aretxabaletan eta Arrasaten egin dituzte hainbat tailer programa honen barnean baina guztiak gazteleraz izan dira. Lehen aldiz, euskaraz egiteko 13 laguneko taldea bildu da Debagoieneko ESIn.

Gaixotasun kroniko edo gaitz zehatzen bat dutenentzat pentsatuta daude tailer horiek eta bertan beraien eguneroko bizitzan aplikatu dezaketen zenbait teknika lantzen dira: ariketa fisikoa sustatzeko bideak, elikadura heziketa, sendagaiak era egokian erabiltzea, emozioak kudeatzea, komunikazio eraginkorra eta  gaixotasunari buruzko oinarrizko ezagutza besteak beste.

Larraitz Iturbe eta Elena Landaluze arituko dira monitore gisa eta beraien iritziz "euskararen normalizazio prozesuan garrantzitsua da horrelako ekimenak ere euskaraz egitea”. Talde barruko parte-hartze aktiboa da programa honen berezitasunetariko bat, eta horretarako “jendea eroso sentitzea garrantzitsua da. Bere ama hizkuntzan egiteak erosotasun hori lortzen laguntzen du.” Lortutako emaitzaz pozik daudela ere gehitu dute bi monitoreek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa