Bertsolariak Arabako finalerako prest

Ane Vitoria 2017ko mar. 27a, 17:02

Jada dena prest dago zapatuan jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketa Finalerako. Txapelketa Gasteizko Printzipal antzokian izango da arratsaldeko 17:30etan eta bertan,  lehiatuko dira finalera heldu diren sei bertsolariak.

Arabako Bertsozale Elkarteak egin du gaur finalean izango diren bertsolarien aurkezpena Printzipal Antzokian. Eta, Oier Suarez aurkeztu ditu txapelari heltzeko gogotsu jardungo diren sei bertsolariak: Aramaioko Xabi Igoa eta Manex Agirrez gain, Asier Otamendi, Oihane Perea, Serapio Lopez eta Iñaki Viñaspre.

Finalean, Karla Santiestebanek jantziko dio txapela irabazleari eta, aurkezpenean, Arabako Bertsozale Elkarteak gaur arte eginiko lana eskertu nahi izan du. Izan ere, Arabako bertsolaritzaren sustatzailea izan baita. Horrez gainera, 1982an lehenengo bertso-eskola sortu zuen, Aiaraldekoa, hain zuzen. Geroztik, antolatzailea, gai-jartzailea eta epailea izan da Santiesteban.

Finalera iristeko bidea

29 bertsolarik eman zuten izena 2017ko txapelketaren hamahirugarren edizio honetan parte hartzeko. 2016ko urrian jokatutako kanporaketen ondorioz, zehaztu ziren txapelketa jokatu duten 18 bertsolariak. Hauek bi saioetan kantatu dute txapelketan. Eta, hura bi itzulitan egituratu da:  lehenengoa Langraiz Oka, Zigoitia eta Dulantzin; bigarrena Legutio eta Aramaio. Bi saioetan puntu gehien lortu duten sei bertsolariak izango dira finalean.

Finalerako sarrerak erosteko Printzipal Antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu beharko dira, besteak beste: takilean, telefono bitartez eta antzokiaren webgunean. Sarrerak enumeratuta izango dira eta ateak 20 minutu lehenago zabalduko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak