Izarraitz Aloña Mendik ez du Basauriren berdinketa aprobetxatu

Eneko Azurmendi 2017ko mar. 19a, 12:39
Andoni Bernal jokalari oñatiarra, bi defentsa gainean dituela.

Basauri Indupime liderra ez zen berdinketatik pasa Urdanetaren aurka (17-17). Hala ere, oñatiarrek ez zuten lehen postura gerturatzeko aukera hori baliatu eta galdu egin zuten Ilcapo Hondarribiaren aurka, Zubikoan (29-30). "Ez zaigu ezer ondo atera eta eurek nahi zuten erritmoan joan da partidua", azaldu du Ander Varelak, Izarraitz Aloña Mendiko jokalariak.

16:30ean jokatu zen atzo Izarraitz Aloña Mendi eta Ilcapo Hondarribia taldeen arteko partidua. "Ezohiko ordua da guretako eta lo atera ginen kantxara, partidutik kanpo", azaldu du Varelak.

Oñatiarrek ez zuten partidu ona egin Hondarribiak ondo aprobetxatu zuen hori. "Eurek jarri dute partiduaren erritmoa, poliki eta jokoari abiadura handirik eman gabe. Gu ez gaude joko horretara ohituta eta pixkanaka, euren aldera eraman gaituzte", dio Varelak.

Oro har, intentsitate gutxirekin jokatu zuten partidua Aitor Aranbururen mutilek. Hala ere, berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira (12-12). Bigarren zatia ere nahiko parekatuta hasi zen baina minutuek aurrera egin ahala, kanpotarrek bost goleko aldea lortu zuten (20-25). "Zortzi minutu faltan suspertu egin ginen eta markagailuan gerturatzea lortu genuen. Hala ere, ezin izan genuen partidua berdindu", azpimarratu du Varelak. Azkenean, 29-30 amaitu zen partidua.

Ford Mugarrik irabazi

Arrasatearrek partidu garrantzitsua zuten atzo sailkapeneko hirugarren postua lortze aldera. Horretarako aurkari zuzena den Limpiresol Corazonistas taldea hartu zuten etxean eta garaipena eskuratu zuten (38-33). Hala, hirugarren postu horretan dago orain Ford Mugarri –31 puntu–, Izarraitz Aloña Mendiren –36 puntu– atzetik.

Basaurik lider jarraitzen du 39 punturekin eta gauzak asko aldatzen ez badira, bizkaitarrak izango dira igoera fasera zuzenean sailkatuko direnak. Hori horrela, oñatiarrek eta arrasatearrek Euskadiko Fasea jokatuko dute ondo bidean. Izan ere, lau talde arituko dira igoera fase horretara sailkatzeko lehian eta bailarako bi taldeek aukera asko dituzte horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak