Errespetua eskatu du Debagoieneko EAJk

Ubane Madera 2017ko mar. 16a, 13:05
EAJko ordezkariak atzo, eguaztena.

"Bereziki azken hilabetean Oñatiko eta Aretxabaletako jeltzaleen egoitzetan egin diren erasoak aintzat hartuz", horiek eta legealdian eskualdeko hainbat batzokitan egindako bestelako pintadak gaitzetsi egin ditu Debagoieneko EAJk. "Herritarren bizikidetza baketsua eraso eta oztopatzen" dutela adierazteaz batera, "errespetua " exijitu dute "iritzi aniztasunarekiko eta errespetua, oro har eskualdea osatzen duten herri eta herritarrekiko"; horrekin batera, "eraso horien helburuaren inguruko hausnarketa" egitera dei egin dute.

Oñatiko Uri Buru Batzarreko kideak, bertako zinegotziak, GBBko Josu Ezkurdia ordezkaria, Eskoriatzako eta Arrasateko alkateak eta eskualdeko bestelako ordezkariak elkartu ziren atzo, eguaztena, eta gertakariak salatzeaz bat, eraso horien helburua "ulergaitza" egiten zaiela azpimarratu zuten: "Intolerantziatik jaiotako ekintzek ez dute lekurik gure gizartean eta are gutxiago bizikidetzan oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko sustatzen ari garen bake-bidean”, adierazi zuten, besteak beste.

Halaber, "beldur barik lanean eta errespetuan oinarritutako elkarbizitza baten aldeko apustua" egiten jarraituko dutela berretsi zuten jeltzaleek.

Ohar osoa:

Legealdian zehar eskualdeko hainbat Batzokietan azaldu diren pintaden harira eta bereziki azken hilabetean Oñati eta Aretxabaletako EAJren egoitzan egin diren erasoak aintzat hartuz, gaur arratsaldean bildu dira ekintza horiek gaitzesteko Oñatiko Uri Buru Batzarreko kideak, udal-taldeko zinegotziak, GBBko kide Josu Ezkurdia, Eskoriatzako alkatea Joxe Ramon Zubizarreta, Arrasateko alkatea Maria Ubarretxena eta bailarako gainerako udaletxeetako hainbat zinegotzi eta alderdiko ordezkariak. Ildo horretatik, egungo gizartean zenbait pertsonek oraindik barneratuta daukaten biolentziaren inguruko kezka eta ardura azaldu dute gaur jeltzaleek. "Gaur egun guztiek garai berrien inguruan hitz egiten dugun arren eta indarkeria eta inposizioa benetan baztertu eta atzean utzi genituela uste genuen arren, legealdian zehar eskualdeko herrietan EAJ-PNVren aurka egin diren erasoek horren inguruko zalantza pizten dute" adierazi dute Debagoienako EAJ-PNVko kideek.   

Halaber, eraso horien helburua ulergaitza egiten zaiela azpimarratu dute jeltzaleek. Izan ere, horrelako ekintzek bistako egiten dute jazarleen biolentzia eta inposaketa. Horren harira, eskualdeko Batzoki ezberdinetan egindakoek EAJri eragiteaz gain, herritarren bizikidetza oztopatzen dutela adierazi du Debagoienako EAJ-PNVk. Ildo beretik, elkarbizitza baketsu eta eraikitzaile baten aldeko apustuan, aniztasuna eta errespetua oinarri dituen herri hezitzailean sinesten duela gehitu du. "Intolerantziatik jaiotako ekintzek ez dute lekurik gure gizartean eta are gutxiago bizikidetzan oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko sustatzen ari garen bake-bidean" adierazi dute EAJ-PNVtik.

Horregatik, gertatutakoen harira, Debagoienako EAJ-PNVk errespetua eskatu du: errespetua iritzi aniztasunarekiko eta errespetua, oro har eskualdea osatzen duten herri eta herritarrekiko. Era berean, horrelako ekintzei aurre egin eta guztiak arbuiatu eta gaitzestea eskatu du eta pertsonen iritzi eta pentsaera eskubidearen aurkako erasoei irtenbidea emateko hausnarketa egitera deitu du. “Tamalez, argi geratu da oraindik beharrezkoa dela politikoki eta baita herri mailan ere horrelako ekintzak salatu eta erasoei aurre egitea, baita bakea eta bizikidetzaren inguruko pedagogia lanketa sakon bat egitea ere, horrela, intolerantziarekin behin-betiko amaitzeko”, gehitu dute.

Amaitzeko, beldur barik lanean eta errespetuan oinarritutako elkarbizitza baten aldeko apustua egiten jarraituko dutela berretsi dute jeltzaleek. “Gu isilarazi nahi gaituztenek ez dute beraien helburua beteko, garai gogorragoetan ere aritutakoak gara eta”, amaitu dute.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak