Andoni Azkargorta: "Atxabalpen egiten den lanean dago sekretua"

Xabier Urtzelai 2017ko mar. 10a, 12:00
Andoni Azkargorta, Atxabalpen.

Azken urteotan moduan, kategoriari eusteko helburuarekin hasi zuen abuztuan liga Eibarrek, eta, 26 jardunaldi geroago, Europako postuengatik borrokan dabil talde armagina. Errudun asko daude atzean, eta Andoni Azkargorta (Antzuola, 1978) da horietako bat. Antzuolakoak hirugarren urtea du Eibarren, eta gustura dabil: "Zortea izan dut Garitanorekin lehen, eta Mendilibarrekin orain, plazera da eurekin jardutea".

Taldeak kanpora begira ematen duen sentsazio ona duzue barruan? 

Bai. Azken bi urteotan, bigarren itzulian joko mailan beherakada izan dugu, eta lehenengo itzulian garbi genuen, jasotzen genituen sentsazioengatik, aurten egoera bestelakoa izan behar zela.

Eta, non dago sekretua? Ze, futbolean kasualitate gutxi egoten da.

Batetik, talde oso orekatua dugula, eta jokalarien euren maila ere oso ona dela. Eta bestetik, Atxabalpen egiten dugun lanean dago sekretua, ez dago besterik.

Eibar talde errespetatua da aurten.

Hala da, bai. Aurreko urteetan Eibarren gainean berba egiten zutenean, gehiago zen esateko taldeak 27.000 biztanle dituen herri bat ordezkatzen duela, eta merituzkoa zela hor egotea. Hori, jada, atzean utzi dugu, eta jendearen ahotan taldearen emaitzak daude orain.

Eguneroko lanerako lasaitasun handia izaten duzue Atxabalpen.

Hori dugu gure alde. Talde handien kontra jokatzen dugunean zarata mediatiko handiagoa egoten da, baina, normalean, lasai egoten gara, telebista kamera gutxi izaten da aste barruan gurean. Emaitza txarrak ditugunean, hori mesedegarria da, baina baita onak ditugunean ere, horiek ere normaltasunez barneratzeko. 

Klub txikia izatearen abantaila...

Bai, eta jokalariek asko eskertzen dute lasaitasun hori. Ni ez naiz beste futbol talde batzuetan egon, baina jokalariek garbi esaten dute gurea familia txiki bat dela, eta asko eskertzen dutela hori. Entrenatzaile taldea, marketin edo prentsakoak, bulegoetakoak... Lantalde txikia gara, egunerokoan elkarrekin bazkaltzen dugu denok, eta giro ona dugu taldean. 

Ekainean hauteskundeak izango dituzue Eibarren.

Bai, lehenengoz egingo dituzte, gainera. Normala da, eta sistema demokratikoa da klubaren agintea nork hartu behar duen erabakitzeko. Guk, teknikari taldeak, ekain amaierara arte dugu kontratua, eta lasai gaude.  

Hiru urte jada Ligako taldeak aztertzen. Badago, oraindik, harritzen zaituen ezer?

Esango nuke ia astebururo ikasten dudala zerbait. Jose Luisek [Mendilibar] berak harrituta utzi izan nau futbola ulertzeko duen moduagatik; gure taldeak presionatzeko duen moduagatik, esaterako. Edo Realak, estilo oso definitua bilatu duelako, edo baita Athleticeko entrenatzaile Valverdek ere, partidu bakarrean joko estilo ezberdinak praktikan jartzeko duen gaitasunagatik.

Bartzelona, Madrila, Simeone bera... Talde handiak ez dituzu aipatu.

Simeoneren meritua dago, dituen izarrak izanda ere, jokalariak lanerako konbentzitzen dituela. Beste bi taldeak... dituzten jokalariak onenak dira, indartsuenak, azkarrenak... Horrenbestez, egiten dutenak ez nau horrenbeste harritzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak