goiena.eus

Domeka goiza, meza, orlixa eta... duatloia

  Kirola  Debagoiena  Oñati

Urtetan lasterketa zapatu arratsaldean antolatzen ibili eta gero, oraingoan domeka goizean izango da hitzordua (10:30); Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketa egongo da jokoan, distantzia motzean, eta 190 atletak eman dute izena.

Domeka goiza, meza, orlixa eta... duatloia
Iazko lasterketako irteera unea. Argazkia: Filarmendi | Ikusi handiago | Argazki originala

Hirurogei taldetako 192 atleta izango dira domekan Oñatiko duatloiko irteera puntuan: "Pozik gaude atleta kopuruarekin, egia da azken urteotan beherakada egon dela lasterkari kopuruan, besteak beste, konpetentzia izugarria dagoelako. Galizian Espainiako Txapelketa jokatuko dute, taldeka, Iruñean beste duatloi bat egongo da, Izaban neguko triatloia jokatuko dute... Dena dela, 100 lagun etorri, 200 edo 300, lasterketa txukuna antolatu gura dugu".

Hainbat faborito 

Emakumezkoen kategorian 15 lagunek eman dute izena: "Eta hor aurrean ibiliko dira, besteak beste, Helene Alberdi edo Lurdes Oiartzabal moduko atletak". Eta gizonezkoetan faboritoen artean dago joan den astean Basaurin irabazi zuen Hossain Kaanache: "Baina Tolosalde taldeko Aitor Egillaga ere irteera puntuan izango da, eta, bailarara etorrita, Beñat Arnaiz, gure kartel-burua dena, lasterketan izango da; Lanzaroteko ironmana du buruan, baina saltsan ibiliko da". 

ELKARRIZKETA:

Iban Perez: "Guk parte hartu gurako genukeen lasterketa antolatzen saiatzen gara"

Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidente izatearekin batera, Iban Perez Oñatiko duatloiko antolaketa taldeko kidea da. Etzi lasterketako puntu erabakigarrietako bat izango den tokian egin du GOIENAk hitzordua Oñatikoarekin, Lamiategiko maldan.

Azken urteotan aldapa hau lasterketaren ezaugarri bilakatu da. 

Hala da, bai. Aurten hirugarren aldiz pasako da lasterketa malda honetatik –birritan– eta oraingoan ere lasterketako puntu beroetako bat izango da. Azken edizioetan ikusi dugu malda gogor hau ez dela erabakigarria izan, ondoren korrikako sektorea datorrelako, baina ikusgarritasuna ematen dio lasterketari, eta zaleak batuko dira bertan.

Lasterketa eguna zapatutik domekara aldatu behar izan duzue, baina domeka eguerdian giro paregabea egongo da Oñatin.  

Baietz uste dugu. Oñatiko lasterketaren ezaugarrietako bat da zale asko egoten dela proba jarraitzen, eta domeka goizean giroa egoten da Oñatin. Aldaketa ez dugu gurata egin, Trafiko Departamentuak baldintzatutakoa izan da, eta horretara moldatu behar izan dugu. Baina bai, ez Oñatin bakarrik, bizikletako sektorean, Etxeaundi inguruan hasi eta Torreauzorantz jende asko ibiltzen da domeketan paseatzen, hor ere giro polita izango da. 

Ze eragin izango du horrek zuengan?

Zapatuan egiten genuenean goizetik hasten ginen lanean, eta iluntzean amaitu. Boxak antolatu, zirkuitua... Lan handia da. Oraingoan, lan batzuk zapatu arratsaldetik aurreratu beharko ditugu, baina domekan bazkalordurako amaituta izan gura dugu dena. Alde horretatik, domekan laguntzen ibiliko diren lagun guztiei eskerrak eman gura dizkiet, eurak gabe ezinezkoa delako halako lasterketa bat antolatzea.

Distantzia motzeko duatloia izango da.

Bai, pena da, baina martxa honetan Oñatikoa izango da distantzia hori izango duen lasterketa bakarra, besteek esprint distantziaren alde egin dute eta. Guk edizio batean ere esprint distantziakoa antolatu genuen, gaur egun errepidean zirkulazioa eteteko zailtasun handiak egoten direlako, eta orain distantzia motzera bueltatuko gara ostera ere, historikoki distantzia hori izan du-eta Oñatiko lasterketak (10 kilometro korrika, 36 bizikletan, eta 5 kilometro korrika).

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa