Emakumeen Nazioarteko Eguna

Genero-indarkeriari aurre egiteko aplikazioak indarra hartzen ari dira

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mar. 7a, 16:13
Japoniako poliziaren Mimamotchi aplikazioa

Instituzio eta erakunde batzuk, batez ere herritar gazteenei zuzenduta, kontzientzia sortzeko edo egoera larrietan laguntzeko teknologiaz baliatu dira. Horietako bost aplikazio aztertuko dira artikulu honetan.

Whatsapp bidez funtzionatzen duen Gelditu erasoak aplikazioa (Stop Agresiones gaztelaniaz)
Arrisku egoeran dagoen pertsonak aplikazioa aktibatzen badu, aurrez aukeratutako Whatsapp kontaktuei mezu bat iritsiko zaie laguntza eskean eta biktimaren kokaleku zehatzaz informatuz.

Askeak aplikazioa (Libres gaztelaniaz), genero-indarkeria jasaten dutenei laguntzeko
Espainiako Osasuna, Zerbitzu sozialak eta Berdintasuna ministerioak garatutako aplikazio da. Helburua genero-indarkeria pairatzen duten emakumeekin harremanetan egotea da. Aplikazioaren bidez egoera horrekin amaitzen laguntzeko informazioa eta tresnak eskaintzen zaizkie. Aplikazioak irudi berezi bat du, norbaitek mugikorra miatuz gero ez dezan aplikazioa zer den hauteman.

Gazteen heziketara zuzendutako aplikazioa Tenerifen
Tenerifeko eskualdean genero-indarkeria antzematen ikasteko aplikazioa garatu dute. Batez ere gazteei zuzenduta dago; galdera eta maila ezberdinak gaindituz emaitza batzuetara iristen da. Emaitzak genero-indarkeria egon litekeela hautematen badu, egoera gainditzen laguntzeko jarraibideak eskaintzen ditu.

Mimamotchi, Japoniako poliziak garatutako aplikazioa
Fukuokako poliziak hiriko eremu arriskutsuak markatu dituzte, aurrez sexu-abusuak egin diren lekuak identifikatuz. Horrela, emakumeak nahi izanez gero, leku horietatik pasatzea ekidin dezakete. Honetaz gain, aplikazioak alarma sistema bat ere badu, erabiltzaileak arrisku egoeran dagoela sentitzen duenean martxan jartzeko. Alarmak sirena soinua egiten du eta gainera poliziari deitzen dio zuzenean. Aplikazioak GPSa erabiltzen duenez, poliziak biktimaren leku zehatza jakin dezake.

Bortxaketak saihesteko aplikazioa Kenian
160 girls erakundea azkenaldian oso aktiboa bilakatu da adinez txikikoek Kenian jasaten dituzten sexu-abusuen kontra. Neska gazteak seguruago sentitzeko aplikazio bat garatu zuten duela urtebete. Honi esker, mugikorreko pantaila ukitze hutsarekin, Keniako poliziarekin jarriko da kontaktuan zuzenean. Aplikazio honen helburu nagusia gazteak eraso baten aurrean salaketak egitera bultzatzea da, izan ere herrialde honetan hogei bortxaketatik hemeretzi ez dira salatzen beldurragatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak