Emakumeen Nazioarteko Eguna

Seme-alaben zaintzari egunean 4,5 ordu eskaintzen diote etxetik kanpo lanean diharduten euskal emakumeek

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mar. 7a, 12:38

Eustatek jakitera eman dituen datuen arabera, Genero Berdintasunaren Indizean, Euskal Autonomia Erkidegoa bosgarrenaren parean kokatuko litzateke Europar Batasuneko estatuen artean.

Euskal Estatistika Erakundeak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, genero berdintasunarekin lotutako hainbat datu argitaratu ditu. Datu hauen arabera, EAEn etxetik kanpo lanean ari diren gizonek, 15 urte baino gutxiago duten seme-alaben zaintzari 2,9 ordu eskaintzen diote egunean bataz beste, emakumeek aldiz 4,5. Mendeko pertsonak zaintzen aldiz, gizonek 1,5 ordu egunean eta emakumeek 2,1; aldea txikiagoa da.

Eustaten arabera, emakume okupatuen erdiak 5 ordu edo gehiago pasatzen dituzte egunero seme-alabak zaintzen; gizon okupatuek berriz, 2 ordu edo gutxiago.

2010ean Eustatek aztertutako datuekin alderatuta, seme-alabak zaintzen 5 ordu edo gehiago pasatzen dituzten emakumeen portzentajea ez da aldatu; mendeko pertsonekikoa ordea, 2010eko %36,6tik 2015eko %14,7ra gutxitu da.

EAEko pertsona okupatuen %32k dio oso zaila dela lana eta mendekoekikoa bateratzea; berdin (%31,2) adin txikikoekikoaz. Lana eta seme-alaben zaintzari buruz berriz, gizonen %72,7k dio zail samarra edo oso zaila dela bateratzea; emakumeen artean %10 gutxiagok diote hori (%62,8k).

Etxeko lanen banatzea
Emakume okupatuen %14,9 ez dago batere gustura bikotekideak etxean egindakoarekin. Gizon okupatuen %70,4, berriz, oso gustura dago bikotekideak eginikoarekin. Lanen banaketa honetan, gizonen %91,3k 2 ordu edo gutxiago pasatzen ditu jardun hauetan, emakumeen %28,3k 3 edo gehiago.

Sustapen profesionala
Eszedentziak edo lanaldi-murrizketak sustapen profesionalaren kalterako izango diren beldurra zertxobait handiagoa da emakumeengan (%29,1) gizonengan (%27,6) baino. Emakume okupatuen %18,9k uste du amatasuna kaltegarri izan litekeela sustapenerako; aitatasunaz gizonen %8,8k bakarrik. Hala ere, okupatutako bost gizonetako batek uste du aitatasun-baimenak kalte handia lekarkiokeela ibilbide profesionalari.

Errenten artean desoreka nabarmenak
Errenta ez dago berdin banatuta gizon eta emakumeen artean. EAEko gizonezkoek batez besteko 24.417 euroko guztizko errenta dute eta emakumezkoek 14.711. Eustatek esan duenez, alde hauen arrazoien artean daude emakumeen jarduera-tasak txikiagoak direla eta enplegatuta dauden sektoreetan errentak baxuagoak direla.
Gizonezkoen eta emakumezkoen errenta pertsonalen arteko alde nabarmenenak 65 eta 69 urte artean; gizonena, batez beste, 17.009 euro gehiago.
Emakumeen batez besteko errentarik handiena 50 eta 54 urte artean (batez besteko 19.434 euro) lortzen da; gizonena 55 eta 59 urte artean eta nabarmen handiagoa da (33.116 euro).
Eustaten hitzetan “Genero-arraila” bada familiaren diru-sarreretan. Jasotzaile nagusia gizona bada familien batez bestekoa 44.315 eurokoa da, eta erdibideko eta goiko geruzetan ibiltzen dira gehien bat; emakumea bada, 33.431 eta errenta-geruza baxuenetan.

Europar Batasuneko Genero Berdintasunaren Indizean, EAE bosgarrenaren kokatuko litzateke 
Genero Berdintasunaren Indizean, EAE (58,5 puntu) Belgikaren zertxobait gainetik da, Europar Batasuneko estatuen artean. Belgika bosgarren da rankingean. EAEko Indizea Espainiakoaren eta europar batez bestekoaren (52,9) ia 5 puntuz aurretik dagoela jakinarazi du Eustatek.
Euskal Autonomia Erkidegoa Suediaren, Finlandiaren, Danimarkaren eta Herbehereen atzetik kokatuko litzateke; baina EBko gainerako 24en aurretik. Bosgarren postuan kokatzeko berdintasunean balio altuenak eragina izan dute, hauek osasuna, dirua eta enplegua izan dira. Osasunean 100etik 96,2 puntu ditu EAEak, erabateko genero-berdintasunetik gertuen kokatzen den arloa delarik.
Eustatek azaldu duenez, Genero Berdintasunaren Indizea adierazle sintetikoa da; eskalan 1 erabateko desberdintasuna litzateke eta 100 erabateko berdintasuna, emakume eta gizonen artean, ongizate eta garapen pertsonalaz ari garelarik. Osaketa, honelakoa: 26 adierazle, 6 dimentsiotan hierarkikoki egituratuta eta hauek 12 azpidimentsiotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak