Emakumeen Nazioarteko Eguna

Emakume eta gizonen arteko ardura partekatzeko kanpaina abiarazi du Aldundiak

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mar. 6a, 15:27

Emakumeen Nazioarteko Eguna. Eta zerbait aldatu beharra dagoela uste dugun guztiona lelopean, gaur aurkeztu da kontziliazioa hobetzeko ardura partekatuan aurrera egiteko sentsibilizazio kanpaina.

Miren ElgarrestaK, Gipuzkoako Foru Aldundiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako organoko zuzendariak, kanpaina berri bat aurkeztu du berdintasunean aurrera egiteko ardura partekatuaren alde. Martxoaren 8a, asteazkena, emakumeen nazioarteko eguna dela eta, gaur jarri da martxan kanpaina eta hilabete iraungo du. Aldundiak adierazi duenez, helburua da "Gipuzkoako gizarte osoa sentsibilizatzea", eta kanpainak indarra jartzen du "emakumeek eta gizonek ardura partekatua izan behar dutela bizitzaren alor guztietan".

Kanpainako datuak
Kanpainak zenbait ikus-entzunezko euskarri izango ditu, eta datu "gogorrak" azaltzen dituela adierazi dute Aldundiatik, "ongi baino hobeto erakusten dutenak norainokoak diren desberdintasun egoerak". Elgarrestak kanpainaren aurkezpenean esan duenez, "zifra hauen bitartez emakumeen eta gizonen arteko desorekak agerian geldituko dira; ukaezineko zifrak dira". Gaineratu duenez, zifrak "egiaztatutako iturrietatik" bildutakoak dira, besteak beste, "EHUtik, Emakunde institututik eta Foru Aldundiko Ogasun departamentutik". Kanpainan erabiliko diren datuak hauek dira:
- 123 lan egun gehiago, emakume batek gizon batek irabazten duena irabazteko.
- Emakumeen bataz besteko soldata % 25 gutxiago da gizonena baino.
- Seme-alabak zaintzeko eszedentzien % 5 bakarrik gizonek eskatuak dira.
- Lanaldi partziala dutenetatik, % 83 dira emakumeak.
- Administrazio kontseiluetako % 25 eserleku bakarrik betetzen dituzte emakumeek.


Hausnarketa eta konponbideak helburutzat
Miren Elgarrestak esan duenez, "sentsibilizazioa gako bat da herritarrok jabetu eta kontziliazioan eta ardura partekatuan aurrera egin dezagun, hori baita zuzendaritza honen ardatz estrategikoetako bat eta horren inguruan ari baikara lurralde plan bat garatzen". Orobat, Elgarrestak esan duenez, "aldarrikapenak helburu du gizarteak hausnarketa bat egin dezala".
Martxoaren 8a hausnarketarako eta konponbideetan pentsatzeko egun bat izatea nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak; "gure helburua da hausnartzea eta konponbideak aurkitzea ardura partekatuaren inguruan", adierazi du Elgarrestak; eta gehitu duenez, "helburua da herritarrei erakustea nolako bidegabekeria zalantzarik gabeak jasaten ditugun emakumeok".

Martxoaren 7an World Café topaketa
Bihar Aldundian 100 pertsonak parte hartuko duten topaketa bat egingo da, Gipuzkoako hainbat talde eta eremutakoak. World Café bat, non gizon eta emakumeek berdintasunari eta kontziliazioari buruz hitz egingo den. Bertatik ateratzen diren ondorioak Kontziliazioaren eta Ardura Partekatuaren Foru Planean sartuko dira.

Plan hori "laster" argitaratuko dela jakinarazi du Aldundiak, eta Aurre! Foru Plan berriarekin batera (I. Foru Plana, emakumeen aurkako indarkeriari aurka egiteko), Berdintasun Zuzendaritzaren "ardatz estrategikoetako bat" dela esan dute. Helburua "modu zehatzean kontziliazioan eta ardura partekatuan aurrera egiteko" oinarriak jartzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak