goiena.eus

Zabalik dago hamaika emakume artisten erakusketa Kulturaten

  Kultura  Arrasate  Debagoiena

Charo Gallego aktore atxabaltarraren performace batekin inauguratu dute, 19:00etan, Kulturaten 'ARTEAN, hamaika emakume artista 2' erakusketa. Arrasateko hamaika emakume artistak aurkeztu ditu gero Ekin taldeko kide Leire Estevez, eta egun batean emakume artistarik ezagutzen dugun galdetzen badigute, hauetako edozeinen izena esan dezakegula aipatu du. Herritar asko elkartu dira ekitaldian.

19:00etan zabaldu behar zuten ARTEAN, hamaika emakume artista 2 erakusketa eta ordurako herritar asko pilatu da Kulturateko sarrera nagusia. Klaustrora sartu, eta izkina batean, zutik, zegoen Charo Gallego atxabaltarra, soineko beltz bat jantzita eta oinutsik. Mikel Laboaren Txoria txori kantua abesten hasi da eta kantatu bitartean klaustroaren erdira heldu da. "Emakumea naiz. Sortu, jolastu, bizi, izan", esan du performance-aren bukaeran.

Klaustroaren erdian egin du saioa Gallegok. Buelta erdiko arkupeak herritarrez beteta; erakusketaren irekiera saiora joandakoak. Guztien aurrean aurkeztu ditu artistak Estevezek. "Erakusketa honekin herriko emakume artisten sarea handitzen jarraitu eta euren lana aitortu gura izan dugu", esan du. Txalo zaparrada jaso dute bere ondoan zeuden emakume artistek: Helena Azkarragaurizar Jauregi, Miren Barrenetxea Iñarra, Euri Bruña Iturbe, Lexuri Doyague Loiti, Joana Mantzisidor Akizu, Sara Miguelez Garitano, Araitz Perea Kortabarria, Agurtzane Telleria Larrañaga, Maddi Urizar Altuna, Alazne Zubizarreta Montero eta Jone Zubizarreta Untzueta. Olatz Urkia musikariak gitarra hartu eta haren zuzeneko musikak lagunduta hasi dira herritarrak obrak gertutik ikusten eta egileekin hizketan.

Hilaren 31ra arte

Erakusketan arte diziplina guztiak ordezkatuta daude: pintura, grabatua, marrazkia, argazkia, muntaia, grafitia, grafika eta instalazioak esaterako. Gaur, martxoak 3, zabaldu dute eta hilaren 31ra arte egongo da zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa