Unai Telleria elgetarraren diseinuak Kanarietako Inauterietan

Miren Arregi 2017ko mar. 3a, 10:32
Unai Telleria elgetarra diseinuak egiten.

Las Palmasko Inauterietako bi gala garrantzitsuenetan parte hartzen duten dantzariek eta abeslariek Elgetako Unai Telleria diseinatzailearen sorkuntzak janzten dituzte; Erreginaren Gala eta Drag Queenaren Gala dira horiek.

Kanaria Handian Inauteriak biziki maite eta ospatzen dituztela jakina da oso. Eta han zerbait ospetsu eta ezagunik bada, horiek dira Inauterietako erregina eta drag queena aukeratzeko egiten diren galak. RTVEk osorik emititzen ditu zuzenean bi gala horiek. Erregina aukeratzekoa Inauterietako egubakoitzean egiten da; drag queena aukeratzekoa, astelehenean. Bada, bi gala horien openning-ean edo hasierako zatian parte hartzen duten dantzari, abeslari eta aurkezleen jantziak diseinatzen dituena debagoiendar bat da, Elgetakoa, hain zuzen ere: Unai Telleria Bolinaga (1971).  

Bartzelonan egin zituen diseinu ikasketak eta kaleko modaren alorrean dihardu bukatu zituenetik. Gerora, antzerki, ikuskizun eta zineman espezializatu da: "Modak eta Inauteriek ez dute zerikusirik, eta, gainera, euskaldun bat holako mundu baten... Hala ere, zerbait ondo egin dugu, seguru, 12 urte daramatzat gala horiek diseinatzen".  

Urtero gai baten bueltan

Urtero gai baten bueltan egiten dira gala biak eta aurten flower power izan da gaia: "60ko hamarkadan oinarrituta, Pierre Carden, hippyak... Hortik etorri zait inspirazioa", adierazi du. 130 bat pertsona jantzi ditu gala bakoitzean Telleriak: "Batetik bestera, diseinuetan gauzatxo batzuk aldatu ditugu, baina oinarria berdina izan da", adierazi du.  

"Zorakeria hutsa"

Telleriak dio diseinatzaile bezala zoragarria dela bi gala horietako diseinuak egitea: "Burura datorkidan guztia egiten dut, muga barik lan egiten dut, beste egoera baten egin ezingo nukeena egiten dut hemen, irudimenera datorkidan guztia, alegia".

Polemika Drag Queenaren Galan

Asteleheneko galan, ama birjinaz mozorrotutako drag queena atera zen garaile eta apezpiku-konferentzia kexatu egin da. Horretaz galdetuta, Telleriak dio drag queen onena zela hura, bai jantzi eta bai ikuskizun aldetik, eta ez zuela zalantzarik garaile aterako zela. Apezpiku-konferentziari zuzenduta, hauxe adierazi du: "Badute, bestela ere, zertaz kezkatu". Inauteriak bukatuta, Londresen da atzera ere Telleria, hura baitu aspalditik bizileku.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak