Denis Itxaso: "Turistak konbentzitu egin behar ditugu barnekaldea ere ezagutu dezaten"

Ubane Madera 2017ko ots. 27a, 17:16

"Gipuzkoa osoan badaude errekurtso interesgarriak turistei ezagutarazteko, txikiak direnak, baina benetan interesgarriak izan daitekeenak eta gure nortasuna, gure iragana eta gure memoria ondo islatzen dutenak; horietako bat, duda barik, Leintz Gatzagako gatzaga hauek dira", adierazi du Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak Gatz Museoan. Udalerriari bultzada turistikoa emateko bidelagun izateko gertu azaldu da.

Itxasok "arreta soilik hiriburuan jartzen ez duen turismo jasangarria" aldarrikatu du, "hiriburuak erakarrita gure lurraldera datozen bisitariek Leintz-Gatzaga bezain ederrak diren Gipuzkoako bazterrak ezagut ditzaten". Gaineratu du orain gakoa dela hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategian zela txertatu: "Kontua da orain nola lortu gure estrategia turistikoaren barruan. Donostiara etortzen diren milaka eta milaka turistak konbentzitu egin behar ditugu barnealdea ere ezagutu dezaten, eta produktu hau, produktu turistikoa den heinean, errekurtso kultural hau ezagutarazi behar diegu".

"Hemen, gatza egiteko bere garaian eramaten zen prozesu tradizional hori nola ezagutarazten den eta nola dagoen erreproduzituta oso interesgarria da", adierazi du Kultura diputatuak Leintz Gatzagako udal ordezkariek emandako azalpenak adi-adi entzun ondoren.

Bidealgun izateko gertu

Zentzu horretan, Itxasok prestutasuna azaldu du Leintz Gatzagari behar duen bultzada ematen laguntzeko: "Diputazioak zentzurik badu erakunde moduan, da, hain zuzen, txikiak diren udalerriei eta errekurtso aldetik zailtasun handiagoak dituztenei laguntzeko. Kasu honetan, argi dagoena da Leintz Gatzagako Udalak, bere kabuz bakarrik, ezingo liokeela horrelako proiektu bati aurre egin ez bada lurralde mailako erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Eta gu bidelagun izango gara edozein dela hartzen den erabakia etorkizunera begira. Merezi du, baita ere, tokiko garapenari lotuta dagoen errekurtso bati bultzada ematea".

"Gipuzkoan gaude"

Diputazioko ordezkarien bisita baliatu du Eneka Zankada alkateak bertako erakundeen "indarra" eskatzeko Leintz Gatzagako gatzaren berri "Euskal Herrian zabaltzeko". "Mugan gaude, baina hemen gaude, Gipuzkoan", azpimarratu du Zankadak. Hala, bertako gatzarekin egindako produktuak eta Leintz Gatzagako gatza merkaturatzeko proiektuaren gaineko txostena eman diote Denis Itxasori alkateak berak eta Joannes Mendizabal kultura zinegotziak.

3.000 bisitari

Izan ere, aurrera eta bide onetik doa Leintz Gatzagako gatza merkaturatzeko egitasmoa. Joannes Mendizabalek azaldu du Leintz Gatzagako Udalaren asmoa dela 2018rako produktua merkatuan izatea; gatza bera –gatz lorea eta horren ondotik eratorritako gatza– eta gatzarekin egindako bestelako produktuak ere bai: xaboia, gatzdun txokolatea…

Hain justu, gastronomiaren bitartez gura dute, bereziki, Donostiara etortzen diren turista horiek, eta jakina, bestelako bisitariak ere erakarri Leintz Gatzagara. Baina Gipuzkoako mugan dagoen udalerriak gatza baino eskaintza zabalagoa baduela azpimarratu du Mendizabalek; egun pasa ederra egiteko moduko eskaintza, alegia: mendi paseoak, udalerria bera, bost jatetxe izen handikoak…

Azken bi urtean, gainera, bisitari kopurua nabarmen handitzea lortu dute gatzagarrek. "Azkeneko bi urtean bisitariak gero eta gehiago gerturatzen dira asteburuetan eta astean zehar elkarteak, eskolak, erretiratuak… iaz 3.000 bisitari izan genituen eta espero dugu bide beretik jarraitzea eta gehitzen joatea", adierazi du Kultura zinegotziak.

Atari modernoa

Diputaziotik azpimarratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuak apustu argia egin duela gure lurraldeak dituen leku erakargarri guztiak indartzeko, eta turistek Gipuzkoako geografia osoko puntu desberdinak bisitatu eta ezagut ditzaten. Horretarako, Explore San Sebastian Region turismo bulegoa hainbat ekintza egiten ari dela ekarri du gogora, hala nola Eskualdeen Txokoa, hamar eskualde hamar hilabetean ekimena, urteko hilabete bakoitzean Gipuzkoako eskualde bat sustatzen duena, eta abian jarri berri du  www.sansebastianregion.com web orri berria, gure lurraldea bisitatzen duten turista guztiei Gipuzkoak leku erakargarrien berri emango dien atari modernoa.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak