Batasunerako deia egin du Aloñak; Mondrak eta UDAk kanpoan jokatuko dute; lider dago Antzuola

Xabier Urtzelai 2017ko ots. 24a, 12:23

Aloña Mendiko ordezkariek garbi dute mailari eusteko puntuak Azkoagainen irabazi behar dituztela, eta horretarako kanpaina bat jarri dute abian. Mondrak eta Aretxabaletak zapatuan jokatuko dute, kanpoan, eta Antzuolak lehenengo postuari eutsi gura dio, Errenterian. 

Ohorezko Erregional mailako Aloña Mendi jaitsiera postuetan dago, eta liga amaitzeko hamabi jardunaldi falta dira. Horietatik zazpi etxean jokatuko dituzte, eta partidu horietan Azkoagain gotorleku bilakatu gura dute. Geratzen diren 12 partiduetatik zazpi etxean jokatuko dituztela kontutan hartuta, Azkoagain faktorea-n jarri dute esperantza oñatiarrek. Batasunerako deia eginez, #EutsiAloña izena daraman kanpaina abiaraziko du zuzendaritzak, domekako partidutik, liga amaiera bitartean. Hala, 7x3=21 puntu leloarekin, 21€euro balioko duen abonua jarriko dute salgai domekan bertan. Izan ere, Aloña Mendik sailkapenaren erdialdean dagoen Oiartzun taldearen bisita izango du domekan (16:30),    

Mondrak eta UDAk kanpoan  

Sailkapenean kontrario zuzena den Hernaniren kontra jokatuko du Mondrak zapatu arratsaldean (16:30, Hernani), eta UDA Martutenera joango da zapatuan baita ere (16:00), azken sailkatuaren kontra jokatzera. Arrasatekoek zailago izango dute zapatuan herrian aratusteekin gozatzeko, baina aretxabaletarrek egun borobila izan dezakete domekan; horretarako, baina, zapatuan etxerako lanak egin beharko dituzte.

Erregional preferentean atsedena, eta baita emakumezkoetan ere

Bergarak lasai asko ospatu ahal izango ditu aratusteak, erregional preferenteko liderrak atsedena du-eta. Emakumezkoen mailan ere berdin, igoera fasean dagoen Arizmendik ez du partidurik jokatuko, ezta kopan dauden Mondrak eta Bergarak ere.

Antzuola, lider

Lehenengo erregional mailan, berriz, igoera fasea jokatzen dabilen Antzuolak lidergoa defendatzeko helburua du. Joan den astean lehenengo postura egin zuten salto Amara Berriri 2-4 irabazita, eta bihar ere etxetik kanpora jokatuko dute, Errenterian (17:30).

Joan den asteko erretratua, lehenengo postura salto egin berritan. Argazkia: Ibai Zabalo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak