Bi arrasatear Artzain Eskolako azken artzainen artean

Ane Vitoria 2017ko ots. 23a, 14:56
Artzainak makilarekin gaur eguerdian.

Mikel Velasco eta Iker Hernandez dira Gomiztegiko Artzain Eskolatik atera diren azken bi artzain debagoiendarrak; biak arrasatearrak. Gaur amaitu dute ikasturtea eta makila eta diploma bana jaso dute, bost hilabeteko heziketa jardueraren ostean. Gaurko ekitaldian, gainera, Arantzazuko Artzain Eskolaren 20. urteurrena ekarri dute gogora.

Ikasturte amaiera ekitaldian izan dira diplomatu diren 14 artzainak. Haiekin batera Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Oñatiko Udaleko ordezkariak. Baita ekitaldian omendu dituzten Aralarreko artzainak eta Slowfood elkarteko Eduardo Uriarte ere.

Hamaika gizonezko eta hiru emakumezko

Aurtengo ikasturtean aritu diren 14 artzainetatik 11 gizonezkoak dira eta 3 emakumezkoak. Gazteenak 21 urte ditu eta nagusienak 30. Eta guztiak dira euskal herritarrak: 10 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira eta gainerako lauak Nafarrak. Ardiak zaindu, gazta egin eta artzaintzarekin lotutako hainbat jarduera ikasi dituzte, baina baita salmenta, komertzializazio edota marketin kontuak ere.

Arrantza, Nekazaritza eta Elikagai politiketako sailburu orde Bittor Orozek azpimarratu du "beharrezkoa dela artzaintzari prestigioa ematea". Era berean adierazi du "artzaintzak etorkizuna baduela, eta aberastasuna eta ongizatea sortzen dituela". Eta "indarra kalitatean" jarri behar dela esan du.

Hogei urteotan 259 ikasle igaro dira Jaurlaritzaren menpeko den Gomiztegi baserriko eskolatik. Ikasle gehienak euskal jatorrikoak dira, %70 hain justu ere; ikasleen %7 beste autonomia erkidego batzuetatik etorri dira eta %9 atzerritik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak