Haizete bortitzak hainbat arazo sortu ditu

Eneko Azkarate 2017ko ots. 13a, 14:24

Haizeteak hainbat arazo eta triskantza eragin ditu han-hemenka. Antzuolatik Bergara arteko errepidea itxita egon da, baita Kurtzetako mendatea ere. Biak daude irekita. Eskoriatzan, Arizmendiko Almen gunean, eskolak eten egin dituzte, bidean hainbat arbola erori direlako. Aretxabaletan, Ibarra Kiroldegia itxita dago; kirol jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte. Udal euskaltegia ere itxita dago. Bergaran, Udal liburutegia eta herriko parke publikoak itxi egin dituzte. Arrasaten, 122 kilometro orduko haize-boladak neurtu dituzte.

Aretxabaletan eragin du haizeteak kalterik handienak, bereziki, Ibarrako kirol eremuan. Kaleko hiri hondakinen edukiontziak noraezean ibili dira haize bortitzen ondorioz; bat edo bestek errekan amaitu du. Unai Elkoro alkateak eskatu du ez ateratzeko herritik "beharrik ez bada". Kezkatuta agertu da Ibarran haizeteak eragin dituen kalteengatik. "Egunetan ez da normaltasunera itzuliko" esan du. Oraingoz, kirol jarduerak bertan behar utzi dituzte Ibarran.

Oñatiko Garai enpresan, txapazko teilatu zatia eroan du haizeak, bidegorria oztopatzen duelarik.

Bergarako Udaltzaingotik aurreratu dutenez, haizeteak zenbait gorabehera eragin ditu herrian: Usondo parkean zuhaitz handia bota du; Errotaldeko parkean, palmondoa; Bolua auzoko trenbide zaharrean -duela hiru aste luizia izandako lekutik gertu– bi akazia; eta Angiozarren, zenbait baserritarako bidera pinuak erori dira. Ondorioz, bidea itxita egon bada ere, Udaltzaingotik aurreratu dute dagoeneko zabalik dagoela. Bestetik, Bolua auzora igotzeko igogailuetako baten –pilotalekutik gertuen dagoena– estalkia ere eraman du haize bortitzak. Udalak erabaki du herriguneko parke publikoak ixtea eta Udal liburutegia ere bai, Errotalde parkea itxita dago-eta.

Arrasaten, Garaia Ikerkuntza Gunean, txapazko xaflak bota ditu haizeak eta baita kristalak ere; Garibai plazako estalpean, berriz, txapazko xaflak erauzi ditu.

Eskoriatzako Fagor Ederlaneko planta itxi egin dute eta langileak etxera joan behar izan dira arbola bat elektrizitate lineara jausi delako. Almenerako bidea itxita dago.

Aramaion, argirik barik egon dira goizeko lehen orduetan -05:00etatik 08:15ak arte-, baina herrigunean, dagoeneko argia badago. Bestetik, Gantza, Aixola eta Oletarako bideak itxita ego dira; baita Kurtzeta ere. Lierni Altuna alkateak adierazi du, apurka-apurka, badabiltzala normaltasunera itzultzen: "Iaz erosi genuen argi sorgailu bat eta hari esker argia dago udalerri guztian. Iberdrolakoak ari dira Aretxabaletako lineatik datorren argindar azpiegitura konpontzen. Espero dugu gaur konpontzea".

Antzuola eta Bergara artean itxita egonda bidea, arbola jausi delako kaminora, baina 07:00etan libratu dute.

Aretxabaleta:

Oñati:

Bergara:

Arrasate:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak