Euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa aurkeztu du Azkue Fundazioak

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko ots. 17a, 09:03
Iturria: Azkue Fundazioa

Euskal blogintzaren egungo egoera ezezaguna da; azken urteetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez baita. Hau aztertzeko beharra ikusita, Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu du. Fundazioaren asmoa, inkesta ahalik eta euskaldun gehienek betetzea da, ez soilik blogariek. Zenbat eta erantzun kopuru handiago jaso, orduan eta ikuspegi erreal eta zabalagoa lortuko da.

2007an, Goienako Komunitateko Joxe Arantzabalek orduko euskal blongintzaren azterketa landu zuen Faroa blogean. Harrez geroztik, ez da berriro egin.

Horregatik orain, hamar urte beranduago, Azkue Fundaziotik euskal gizarte guztira zabaldu nahi da euskal blogintzari buruzko azterketa. Edozeinek bete dezake, sarean ibiltzen den edozein euskaldunek; bakoitzaren profilaren arabera, galdera batzuk edo beste batzuk erantzutea eskatuko du onlineko inkestak. Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.

Inkesta zertarako?

"Etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria" izango dela uste dute Azkue Fundaziokoek. "Datu horiek baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…" adierazi dute.

Inkestarekin honelako galderak erantzuten saiatuko dira Azkue Fundaziokoak: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?

Inkesta nola bete

Azkue Fundazioaren webgunean online bete ahal da inkesta eta test azkar gisa dago planteatuta. 

Datuen aurkezpena

Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta Azkue Fundazioak partekatu egingo ditu bere ohiko komunikazio baliabideen bidez. Emaitzen aurkezpena 'Blogetan! Euskal blogariak lehian' sari banaketa ekitaldiaren egunean egingo da, martxoaren 30ean, Bilboko Euskararen Etxean.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak