Galdetutakoen %15ek aukeratu dute euskarazko harremana

Ubane Madera 2017ko ots. 4a, 08:00

2016ko apiriletik abendura 9.750 lagunek eskatu dute Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratua (ESI) osatzen duten zerbitzuekiko arreta euskaraz lehenesteko.

Horixe da Nik euskaraz nahi dut Osakidetzan kanpainak emandako fruitua, Debagoieneko ESIk, eskualdeko euskalgintzak –AED, Arrasateko euskara elkartea; Jardun, Bergarako euskara elkartea; eta Loramendi, Aretxabaletako euskara elkartea– eta eskualdeko udalek bultzatutako kanpaina aitzindariaren emaitza, alegia.

Aukera zabalik egongo da

Oraingoz. Ze arreta euskaraz jasotzeko eskaera aukerak zabalik jarraitzen du, eta halaxe egongo da aurrerantzean ere. "Hori bultzatzeko beste kanpainarik ez dugu egingo, baina debagoiendarrei gogora ekarri nahi nieke eskaera edozein momentutan egin dezaketela. Osasun zentroen harreretan aurkez daiteke. Eta egia esan, berehala egiten da; beti ezin izaten da momentu horretan gauzatu, ilara luzeak badaude, presak, baina… Bestela, familia medikuari edo erizainari esanda ere bideratu daiteke eskaera. Eta baita Internet bidez ere, norberaren osasun karpetan sartuta. Hori bai, kontuan hartu behar da herritarrak medikuarenera doazenean osasun kontuengatik doazela, eta halakoetan beti ez dituzte lehenesten hizkuntza kontuak", adierazi du Ander Manterolak, Debagoieneko ESIko Euskara teknikariak.

Zortzi hilabeteko kanpaina

Edozein modutan, zortzi hilabeteko kanpainaren emaitzarekin pozik daudela azpimarratu du hark. "Kontsultatutakoen artean gehiago dira euskara aukeratu dutenak gaztelania aukeratu dutenak baino", dio, adibide modura, eta gaineratu du bide horretan irabazteko asko dagoela, gainera: "Osasun Txartel Indibiduala dutenei galdetu izan zaie. Debagoien osoan –Aramaio barne–, 60.000 erabiltzaile daude, eta horietatik 50.000 laguni ez zaie galdetu hizkuntzari buruz, edo ez direlako osasun zentrora joan edo bestelako lehentasun batzuk zituztelako joan direnean… Beraz, eta kontuan hartuta galdetutako 17.000 lagunetatik 9.750ek euskara aukeratu dutela, oraindik asko dugu irabazteko".

Hitzorduak, abisuak... euskaraz

Arreta euskaraz nahi dela eskatuz gero, Osakidetzak hizkuntza horretan eskainiko dio arreta erabiltzaileari, "aukera dagoen guztietan". Hitzorduak eta bestelakoak euskara hutsean jasoko ditu "eta espezialistetara bideratu behar izaten denetan ere, badakite erabiltzaile horrek profesional euskalduna nahi duela; beraz, ahal den neurrian, horrela bideratuko da", esplikatu du Debagoieneko ESIko Euskara teknikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak