goiena.eus

Erraustegia eraiki, kudeatu eta ustiatzeko kontratua esleitzeko erabakia sinatu du Asensiok

  Ingurumena  Debagoiena

"Urbaserrek lideratutako UTEaren esku geldituko da Ingurumen Zentroa eraiki, kudeatu eta ustiatzeko kontratuaren behin betiko esleipena. Obrak hilabete eta erdiko epean hasiko dira gutxi gora behera", Foru Aldundiak azaldu duenez.

Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren berri Gobernu Kontseiluari eman ondoren eta zerbitzu juridikoen aldeko irizpena jasota, Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente gisa, gaur goizean sinatu du Zubietako errauste planta eraiki, kudeatu eta ustiatzeko kontratuaren behin betiko esleipena Urbaserrek lideratutako UTEaren alde. Obrak hilabete eta erdiko epean hasiko dira gutxi gora behera, Foru Aldundiaren arabera.

Eskaintza irabazlea aurkeztu dutenak dira Urbaser; LKS, Moyua, Murias eta Altuna y Uria enpresak; Meridian Investments funts frantziarra; eta Steinmuller Babcok teknologo alemaniarra. "Azken hori da, hain zuzen ere, balorizazio plantako labean aplikatuko diren teknologien arduraduna. Mundu mailako erreferentzia da gai honetan; 460 errekuntza unitate eta mota honetako 49 planta instalatu ditu mundu osoan zehar", azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

"Urbaserrek, bestalde, CNTY talde txinatarraren babesa du. Ingurumenean eta hondakinen kudeaketan espezializatuta dago. 7 planta instalatu ditu jada, eta beste 6 eraikitzen ari da. Horrela, urtean 5 milioi tona kudeatuko ditu guztira", aipatu du Aldundiak.

"Esleitutako instalazioak oso teknologia aurreratua du isurketei dagokienez, eta, horrela, gainditu egiten ditu araudi zorrotzenek eta Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimen bateratuak ezarritako parametroak. Punta-puntako teknologia duen eskaintza osatzen dute. Berme guztiak ditu, eta erantzun integrala eskaintzen die planteatutako beharrei", dio Diputazioak.

Ingurumeneko arduradunen hitzetan, "eskaintza moderno eta eraginkorra da, Gipuzkoak herrialde aurreratuenen mailara jartzeko behar dituen soluzioak eskaintzeko diseinatua, eta hori guztia baldintza ekonomiko lehiakorrenetan, gipuzkoarren poltsikorako aurrezpena ahalbidetuz”.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Goienak erraustegi edo errauste planta erabili izan du eta erabiltzen du hiri hondakinak tratatzeko Zubietan eraiki nahi duten zentroa izendatzeko. Goiko albistearen iturria Gipuzkoako Foru Aldundiaren prentsa ohar bat da. Prentsa ohar horretan bidaltzaileak erabilitako berbak erabili dira albistean, kazetariaren kontakizunean. Oker egin dugu. Dagokion zuzenketak egin ditugu albistean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa