Gripearen epidemiak gogor astindu du bailara

Txomin Madina 2017ko urt. 13a, 07:30

Gripe epidemia dago Hego Euskal Herrian, eta Debagoienean datuak bereziki altuak ari dira izaten. 2016eko azken astean, esaterako, bailarak izan zuen Erkidegoko intzidentzia maila altuena.

100.000 biztanleko 200 kasu baino gehiago daude Hego Euskal Herrian; horrek esan nahi du gripe epidemia egoera dagoela. Eta Osakidetzaren datuen arabera, 2016ko azken astean Debagoiena izan zen griperen intzidentzia altuena izan  zuen Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdea. Medikuen esanetan, gripearen kanpaina aurreratu egin delako izan da hori.

Gaixo gehienak 14 eta 65 urtekoak

Bilakaera aurreko urteetakoaren antzerakoa ari da izaten; azken datuek diotela intzidentzia jaitsi egin dela gure eskualdean, eta horrek, datozen asteetara begira, itxaropenerako lekua uzten duela. Hasieran umeak izan ziren gripearen eragina gehien jasan zutenak, baina azken asteetan, 14 eta 65 urteko pertsonak gaixotu dira gehienbat. Kasu gehienetan A gripea izan dute gaixoek; Itziar Lasa medikuak dio gripeak izan ohi duen mutazioaren ondorioa dela hori, eta ez dela kezkatzekoa.

Osakidetzak esan du gripearen epidemia dela eta 230 profesional gehiago kontratatu dituela erkidegoan, eta 417 ospitale ohe gehiago egokitu dituela.

Gomendioak aurre egiteko

Ondo hidratatzea, buruko-minaren eta sukarraren kontra ibuprofenoa eta  parazetamola bezalako antitermiko analgesikoak hartzea eta batez ere atseden hartzea. Horiek dira gripea izanez gero egin beharrekoak. Itziar Lasak era berean, osasun zerbitzuak zentzuz erabiltzeko gomendatu du. Noiz kezkatu? Sukarra hiruzpalau egun baino gehiago luzatzen denean, adineko pertsonen kasuan edo gaixotasun kronikoak tartean daudenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak