2017an ere batuko dute baserri ingurunean sortutako plastikoa

  Ingurumena BERRIAK

Debagoieneko Landa Garapen Elkarteak beste urte batez eskainiko du baserri ingurunean sortutako plastikoaren bilketa zerbitzua. Igo egin dute bilketa kopurua, zortzi hilabetetan beharrean, bederatzitan egingo dute eta. Urtarrilaren 24an izango dute baserritarrek plastikoa ateratzeko aurtengo lehenengo eguna.

2000. urtean hasi zen Debagoieneko Landa Garapen Elkartea baserri ingurunean sortutako plastikoaren bilketa egiten, eta zerbitzu hori eskaintzen jarraituko du 2017an ere. Baserritarren artean erantzun ona izaten duen ekimena izan ohi da, batezbeste gero birziklatu egiten diren 2.500 kilo plastiko jasotzen dituzte-eta bilketa bakoitzean.

Baserrian erabiltzen diren askotariko plastikoak biltzen dituzte zerbitzu honekin, esaterako, siloa estaltzeko edo belar boletan erabiltzen den plastiko beltza; negutegietan eta ortuan lurra estaltzeko erabiltzen den plastiko beltza; eta negutegietako plastiko zuria. 

Hileko azken martitzenetan

Aurten zortzi hilabetetan beharrean, bederatzitan egingo dute bilketa; apirilean, ekainean eta abuztuan kenduta, beste hilabete guztietako azken martitzenean. Debagoieneko Landa Garapen Elkarteko teknikari Agurtzane Diazek azaldu duenez, baserritarrei eskatzen zaie plastikoa arratsalde-iluntze aldean ateratzea, garraiolariek hurrengo egunean goizean goiz jasotzeko. Aurrez zehaztutako hogei puntutan beti jasoko dute plastikoa, eta leku horietara eroan ezin duenak aurrez abisatzen badu, bila joateko konpromisoa adierazi du Diazek.

Urtarrilaren 24a izango da plastikoa ateratzeko aurtengo lehen eguna, informazio gehiago gura dutenek, edo leku finkoetan beharrean, plastikoa beste nonbait biltzea gura dutenek, 943 76 25 47 telefonora deitu behar dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa