Oskar Elizburu: "Espero dugu aurtengo Korrika ere mundiala izatea"

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko urt. 10a, 15:00

Debagoienetik apirilaren 8an pasako da Korrika eta herriz herri izango dituen ordutegi zehatzen berri eman du Gipuzkoako AEK-ko arduradun Oskar Elizburuk. Bestelako xehetasunak ere eman ditu: Korrika batzordeak datorren astean jarriko dira martxan herriz herri eta kilometroak hilaren 20tik aurrera erosi ahal izango dira.

AEK-k antolatuta, aurtengo Korrikak 2.535 kilometroko ibilbidea izango du; Otxandiotik abiatuko da martxoaren 30ean eta Iruñean bukatuko da apirilaren 9an.

Korrika Debagioenean

Debagoienetik apirilaren 8an pasako da Korrika. Gauerdian, 00:20 inguruan sartuko da Osintxutik Bergarara, Bergarako irteerara 00:45ean iritsiko da, Antzuolara 01:00etan helduko da eta Deskargara, berriz, 01:30ean. Zumarragatik Goierri alderako bidea hartuko du ostean, eta 11:15ean iritsiko da Udanara, Oñatiko sarrerara 11:45ean helduko da, irteerara 12:15ean eta Zubillagara 12:24an iritsiko da. Elorregitik 12:30ean pasako da, Arrasateko sarrerara 12:50an iritsiko da, irteerara 13:25ean, eta Aretxabaletarako bidea hartuko du. Hara 13:30ean iritsiko da, Eskoriatzara 14:00etan helduko da eta Leintz Gatzagara 14:30ean.

Gipuzkoako AEK-ko arduradun Oskar Elizburuk adierazi du aurtengoa ere "mundiala" izango dela eta hauxe gaineratu du: "Eguerdiko ordutegian pasako da Debagoienetik, zapatuan, beraz, mundu guztiak parte hartzeko aukera izango du. Gainera, hurrengo egunean amaituko da eta ordurako dena oso bero eta dinamizatuta egongo da. Espero dugu aurtengoa ere mundiala izatea, beti bezala".

Aurten ez da pasako Elgetatik eta izatez Aramaiotik ere ez, baina Oskar Elizburuk esan du saiatuko direla Oletakoek Otxandion zerbait egiten, handik hasiko delako Korrika 20.

Korrika batzordeak

Hori guztia aurrera eramateko, herrietan batzordeak osatuko dira, aurreko urtetan bezala. Deialdiak aste honetan zabalduko dituzte, lehenengo batzordeekin datorren astean hasiko direlako. Arrasaten eta Oñatin, esaterako, hurrengo martitzenean, hilaren 17an, arratsaldeko 18:30ean izango dira.

"Deituta daude eragile guztiak eta parte hartu nahi duten guztiak bertara etortzeko, eta antolatuko ditugu herrietan antolatzen ditugun ekintza horiek guztiak denon artean, izan ere, Korrika guk antolatzen dugu, baina herritar barik ez luke funtzionatuko", azaldu du Elizburuk.

Kilometroen salmenta

Eta behin batzordeak eginda, hilaren 20tik aurrera, erosi ahal izango dira kilometroak. Aurreko Korrikan bezala, 425 euro izango da gutxienez ordaindu beharrekoa, Udalek 600.

Korrika laguntzaile

Korrika laguntzaile ere egin ahal izango da euskaltegietan edota Internet bitartez 12 euroren truke. Aurten gainera, Korrika laguntzaile egiten direnek hainbat zozketetan parte hartzeko aukera izango dute. Korrikako materiala ere eskuratu daiteke dagoeneko.

Korrika kulturala

Eta girotzen joateko, Korrika kulturala ere egingo da herriz herri. Horren barruan, esaterako, Arrasaten Kepa Junkeraren ikuskizun bat izango dela aurreratu daiteke, eta bestelako ekintzak ere egingo dira herri guztietan herrietako eragileek antolatuko dituztenak.

Jai berezia, Ficoban

Aurtengoa 20. Korrika izango denez, eta gainera, Korrikaren ideia izan zutenak omenduko dituztenez, jai bat ere egingo dute korrikazaleendako otsailaren 11n, Ficoban.

Leloa

Leloari dagokionez, Batzuk da aurtengoa, eta horrekin salto egin nahi izan dute hizkuntz aniztasunera, beste horiek ere etor daitezen euskarara.

Kantua

Motorrak berotzen joateko, Zirkorrika kantua entzungai dago dagoeneko, eta aurtengo Korrikako furgonetako bozgorailuetatik gehien entzungo den abestia izango da seguru.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak