KPIaren arabera igoko da Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, eta ez Gutxieneko Soldataren arabera

Leire Kortabarria 2017ko urt. 9a, 16:13
Lanbideren bulegoa Arrasaten.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, RGI siglez ezaguna, KPIaren arabera igoko du Eusko Jaurlaritzak. Horrela iragarri du Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek.

Iazko KPIa, behin-behineko itxiera-datuaren arabera, %1,5 handitu zen. Hartzaileek eta sindikatu nagusiek %8ko igoera eskatzen zuten; Espainiako Gobernuak, PSOEren babesarekin, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarako erabaki zuten igoera, hain zuzen ere.

Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artolazabalek joan den egubakoitzean esan zuenez, “DSBEk aurreikusitako oinarrizko premiei eusteko, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu berrietarako prestazio horien gehikuntza bat proposatuko du KPI 2016aren aldean gehituko den zenbatekoan, aurreko ekitaldian bezala, eta haren eraginek 2017ko urtarrilaren 1erako atzeraeragina izango dute”.

Aldi berean, datozen hiletan, Eusko Jaurlaritzak txosten bat aurkeztuko dio Eusko Legebiltzarrari Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin lotutako diagnostiko espezifikoari buruz, horrela haren eztabaida xehatu bat egiteko, talde politikoek araudi arautzailearen azterketari ekiteko abiapuntu gisa.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuaren ustez, “Euskadin pertsona babesgabeenentzat diru-sarrerak bermatzeko sistema bat egitea, beste herrialde aurreratu batzuen esperientzietan oinarritua eta Europako Batzordeak goretsia, oso lagungarria da Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozial eta ekonomikorako, lan-munduan ahalik eta gizarteratze handiena erraztera bideratuta baitago.  Euskal administraziotik sistema horren alde egiten dugu erantzukizunagatik eta hori gabe egongo litzatekeena baino gizarte integratu, bidezko eta egonkorrago baten premia dagoela uste dugulako”.

Gutxieneko soldata "kontzeptu desberdina da"

Eragile sozialek egindako eskaerei dagokienez, lanbide arteko gutxieneko soldata-LGS handitzea –salbuespenez–, hitzarmen kolektiboen arloan, Errege Dekretuak berak zehazten duenez, “modu positiboan baloratzen” duela esan du Eusko Jaurlaritzak, “hobekuntza eta estimulu garrantzitsuak baitira hura aplikatzeko kolektiboentzat, soldaten bilakaera eta enplegua berreskuratzeko prozesua hobetuta”. Hala ere, zehazten du LGS eta DSBE “kontzeptu desberdinak” direla, izan ere, LGS “lan-errentei buruzkoa” da eta “ez du zuzeneko helarazpena diru-sarrerak bermatzeko eredu batera”.

Artolazabalen iritziz, “zalantzarik gabe, pertsona lan-munduan egotea prestazioan egotea baino kokapen hobea izan behar da, edozein zalantza edo konparazio saihestuta. Horregatik, benetako laneratzea bizkortu behar da”.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak lana aktibatzeko programa eta baliabide ekonomiko berriak bultzatuko ditu DSBE jasotzen dutenak lan-munduan txertatzeko, kronifikazio-egoerak ekidinda eta haiek lan-merkatuan gehitzea estimulatuta.  

EH Bildu, Ahal Dugu eta sindikatuak, %8ko igoeraren alde

Urte hasieran, hainbat eragile sozial eta politikok Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten DSBE %8 igo zezan, izan ere, arauaren arabera, DSBE lotuta dago gutxieneko soldatari.

Esaterako, EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenaren esanetan, “Espainiako Gobernuak onartu duen Gutxieneko Soldataren igoera aukera ezin hobea da Patxi Lopezek DSBEri egin zion %7ko murrizketari buelta emateko”. EH Bilduk Urkulluri eskatu zion “automatikoki ezar” zezan %8ko igoera. Elkarrekin Ahal Dugu alderdia ados agertu zen horrekin.

UGTko Euskadiko buruzagi Raul Artzak esan zuen lan-merkatua “hondatuta” dagoela eta horregatik Gutxieneko Soldataren arabera eguneratu behar zela DSBE.

ELAko Mikel Novalek Twitterren kezka azaldu zuen Euskadik “Euskal Y-aren lanei lehentasuna” emateagatik DSBE Gutxieneko Soldataren %88 izan dadin “bermatu” gabe, 2008an onartutako arauak dioenez.

2016ko abenduan, Euskadiko 63.797 bizikidetza-unitatek jaso zuten DSBE.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak