Fagor Ederlanek jarduera berria ipiniko du Arrasaten

Leire Kortabarria 2017ko urt. 9a, 13:46

Fagor Ederlanek bere jarduera handituko du, eta horretarako, Fagor Etxetresnen hozkailuen garai bateko plantan 4.800 metro koadro alokatuko ditu, Arrasateko San Andres auzoan. 2019an 50 lanpostu izango dira han.

Instalazio horietan, Fagor Ederlanek moldeak egiteko industria jarduera ipiniko du, behe presioko fundizioko eta aluminio injekzioko plantetarako.

Pabiloia egokitu eta gero, kooperatibak bitarteko produktiboak eramango ditu Aretxabaletan, Eskoriatzan, Arrasaten eta Bergaran dituen 4 plantetarako moldeak egiteko eta tresnen mantentze eta mekanizazio lanetarako. Horrenbestez, kooperatibak moldeak eraikitzeko duen ahalmena bikoiztuko du eta egun dituen plantetan leku librea utziko du etorkizuneko proiektuetan ekoizpen ahalmena handitzeko.

Fagor Ederlanek prentsa ohar bidez azaltzen duenez, moldeen diseinua, non Edertek zentro teknologikoa liderra baita, eta moldeen eraikuntza funtsezko elementuak dira horrelako osagaietarako balio erantsiko proposamenetan.

Kooperatiba jada hasi da ezartzeko proiektuan lanean. 2017ko udaberrian industri jarduerari ekitea espero da.

Nazioarteko hedapena

Kooperatiba nazioartean egiten dituen salmentak handitzen ari da, eta, handitze prozesu horretan bete-betean sartuta dagoela, balio erantsi handiko jardueren garapenaren alde egiten jarraitzen du bere egoitza zentralean. Fagor Ederlan Europako liderra da automobilgintzan, ibilgailuen esekidura, motor eta transmisiorako aluminiozko osagaien garapenean eta fabrikazioan. Injekzioko eta Aluminiozko Behe Presioko Galdaketako 7 ekoizpen plantarekin, Fagor Ederlanek %60 baino gehiagoko hazkundea aurreikusten du 2019rako, teknologia bietako jardueran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak