Ibilbide luzeko hiru lehiaketa abian dira

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko urt. 5a, 11:42

Huhezinema, MUko Huhezi fakultateak antolatzen duen Film laburren jaialdian parte hartzeko azken eguna otsailaren 16a da; datorren asterako bidali behar dira, baina, AEDren Jokin Zaitegi sariketarako lanak eta Jardunen amodiozko lehiaketakoak.

Euskal Herrian egindako film laburrak saritzen dituen hamargarren Huhezinema izango da, aurtengoa. Beste jaialdi batzuetatik bereizten duena da, unibertsitateko ikasketen barruan dagoela txertatuta, beraz, Iban del Campo irakasleak koordinatuta, ikasleek antolatzen duten jaialdia da.

Ikasleen eta profesionalen lanak

Helburu bikoitza du jaialdiak: Huheziko ikasleek egiten dituzten lanak publiko aurrean aurkeztea, batetik; eta Euskal Herriko edozein zuzendarik egindako proiektu profesionalagoei edo anbizio handiagoarekin egindakoei ere tokia egitea, bestetik. "Sail ofizialean parte hartzen dutenek, gehienez, 30 minututako iraupena duten filma aurkeztu beharko dute; euskaraz  edo beste hizkuntza batean egindakoa izan daiteke; hala ere, euskarazkoak lehenesten ditugu, bereziki, sari potoloena den Goiena Sarian", azaldu du Iban del Campok eta zera gaineratu du: "Sail ofizialean parte hartzeko ezinbesteko baldintza da zuzendaria Euskal Herrikoa izatea baina, lanak aurrez beste lehiaketa batzuetan aurkeztutakoak edo saritutakoak izan daitezke, hala ere, 2016. urtean egindakoak lehenetsiko ditugu".


Aipatutako sailez gainera, orain dela hiru urte sortu zuten Basque Culinary saila ere badago: "Gastronomiari buruzko hiru minututako film laburrak jasotzea da helburua. Sail horretan ere, Euskal Herriko edozein zuzendarik har dezake parte.  Sail ganberroagoa da. Interneten zabaltzeko bideo freskoak eta umoretsuak biltzen ditugu horretan", dio koordinatzaileak".

Otsailaren 16, azken eguna

Martxoan egingo dute jaialdia, eta mimoz ari dira antolatzen; parte hartzeko epea zabaldu duten arren, aurtengo jaialdiak izango duen irudia, leloa, eta egitaraua prestatzen ari dira oraindik.

Lehiaketaren gaineko informazio zabalagoa, huhezinemajaialdia.wordpress.com atarian eskura daiteke.

Amodiozko gutunen lehiaketa

25. edizioa du Bergarako Jardun euskara elkarteak antolatzen duen lehiaketak.  Urteurrena aitzakia hartuta, gutunak eta esaldiak  jaso gura dituzte oraingoan.

Urtarrilaren 8a da gutunak bidaltzeko azken eguna, eta hilaren 26a, esaldietarako. "40 gutun eta hamabi esaldi jaso ditugu momentuz. Bergarako parte hartzaile kopurua igo egin da, eta, orokorrean, 26 urte azpiko gazte askok hartu dute parte. Bitxikeria moduan esan, Ameriketako Estatu Batuetatik gutun bat eta bi esaldi jaso ditugula", diote antolatzaileek.

Errotalde jauregiko elkartearen bulegora bidal daitezke lanak postaz, edo amodiozkogutunak@gmail.com helbidera.

Jokin Zaitegi itzulpen sariketa

AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak -Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin- antolatu duten lehiaketan parte hartzeko epea, urtarrilaren 9an amaitzen da. "Dei asko jaso ditugu sariketaz galdezka, interes handia sortu du, Bob Dylanen abestiak itzultzeko proposamenak. Momentuz bi lan bakarrik jaso ditugu; hala ere, oinarrietan jasota dago, gutxieneko mailarik ez badute, beste itzultzaile bati eskatuko diogula lana egiteko", diote AEDekoek. Elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi helbidean daude oinarriak.


Era berean, euskara elkarteak datozen asteotan aurkeztuko ditu 30. urtez egingo dituzten Arrasate Literatura Lehiaketak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak