"Akordioa bilatu artean" erraustegiaren esleipena "gelditzeko" eskatu dute Ahal Duguk, EH Bilduk, Ezker Anitzak eta Equok

Julen Iriondo 2016ko abe. 26a, 12:40

"Gipuzkoako indar eraldatzaile eta aurrerakoien akordioa, ekonomia zirkularra eta zero zabor filosofiari buruzkoa" bezala izendatu dutenarekin, "alderdi politiko eta eragile sozialekin akordioa bilatu artean" GHK-k erraustegiaren eraikuntzaren eta kudeaketaren esleipena gauza ez dezan eskatu dute lau alderdiek Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Berez, biharko bileran dira esleipena egitekoak.

GHK bihar goizean erraustegiaren eraikuntza eta kudeaketa esleitzekoa dela-eta, proposatutako eredua "zuzena" ez dela azaldu dute akordioa sinatu duten lau alderdiek:
  • "Ez da bateragarria delako 3Rekin (murriztu, berrerabili, birziklatu): Erraustegiaren funtzionamenduarengatik ordaindu beharrekoa ez da bertan erreko den materia kopuruaren araberakoa izango. Eta, beraz, 3R horiek betetzea oztopatuko du. Gehien birziklatzen duten herriek gutxien birziklatzen dutenek adina ordaindu beharko dute.

  • Ez da Europak jarririko helburuekin bateragarria: Europako Komisioak eta Parlamentuak oso garbi utzi dute erraustegia ahalik eta gutxien erabili behar den irtenbidea dela. Gainera, Europak argi uzten du ere murrizketa, berrerabilera eta birziklatzearen kaltetan ezin dela inoiz errausketa erabili.

  • Ez da klima aldaketaren aurkako borrokarekin bateragarria: Donostian erraustegiak eragingo ditu C02 isurketa handienak, garraio sektore guztiaren eta Cementos Rezolaren ondoren.

  • Ez da udalen soberaniarekin bateragarria: udalak erraustegiaren kuota finkoa ordaintzera behartuak egongo dira, beren hondakinentzat irtenbide ekonomiko eta jasangarriagoak aurkitu arren.

  • Ez da herritarren osasunarekin bateragarria: egun, mediku azterketa asko dira erraustegiek osasunean dituzten eragin larriak baieztatzen dituztenak. Minbizia, hazkundean arazoak eta malformazioak bezalako gaixotasun larrien sorrerarekin lotzen dira erraustegiak. Arrisku hauen aurrean erakunde publikoek zuhurtasun-printzipioa lehenetsi behar dute".

"Gipuzkoako milaka eta milaka pertsonak etxe eta lantokietan hondakinak bereizteko ardura" hartzen dutela diote sinatzaileek, eta horri esker "gaikako bilketan emaitza eredugarriak" dituela herrialdeak. Erraustea "Europar Batasunak lehenesten duen ekonomia zirkularraren ereduaren kontrako norabidean" doala ere badiote, eta euren "konpromisoak indartu eta eguneratu" nahi dituztela:

  1. "Hondakinen hierarkia-printzipioaren aplikazioan eta ekonomia zirkularrean oinarritutako Europako zuzentarauekin konprometitzen gara. Horrenbestez, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala zaharkituta dagoela deritzogu; bertan agertzen diren aurreikuspenak eta proposamenak desfasatuak baitaude.

  2. Hondakinak gutxitzeko konpromisoa hartzen dugu. Era berean, produktuen eko-diseinua bultzatzen dituzten lege eta arauekin konprometitzen gara, zabor kopurua gutxitzeko helburuarekin.

  3. Hondakin zatien birziklapen tasak hobetzera eta gaikako bilketa zabor tipologia gehiagotara zabaltzera konprometitzen gara eta, baita ere, den-denok (enpresak, dendak, ostalaritza, zentro publikoak, etxeak...) jatorriko sailkapenean sakontzean.

  4. Materialak konpontzeko eta berrerabiltzeko gune publiko edota pribatuak sustatzera konprometitzen gara.
  5. Gipuzkoak ez du errausketa plantarik behar. Erraustegia eraikitzeak instituzioetako finantzak eta, horrenbestez, herritarrak hipotekatuko ditu hurrengo 35 urteetan, aipatu gabe ingurumenean eta pertsonen osasunean eragingo dituen kalteak.
  6. Zabortegi toxiko berrien irekiera edo eraikuntza arbuiatzen dugu. Edozein zabortegi motaren beharra gutxitzeko esfortzua egingo dugu, gure helburua birziklatu edo konpostatu ahal den zaborra ez isurtzea delarik, ezta tratatu gabeko hondakinak ere. Honela, Lapatxen itxiera txalotzen dugu eta horrelako zabortegirik ez irekitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, ez Mutiloan ez beste inon.
  7. Gure ustez, beharrezkoa da gure eredu produktiboa berrantolatzea, hondakin guztiak berrerabilgarri, birziklagarri edo biodegradagarri izateko. Horregatik, lan egingo dugu helburu hori lortu ahal izateko, merkatu-nitxo berriak eta lanpostuak sortuz.
  8. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako hondakinen inguruko diagnostikoa (prognosia) irreala da eta artifizialki puztuta dago. Beraz, txosten tekniko berri bat egingo dugu, eta eskatzen dugu erakunde independente batek egin dezala errealitatearekin eta Europako helburuekin bat datorren beste prognosi bat.
  9. Zabor tasen igoera –eta familien ekonomiengan izango duen eragina– salatu nahi dugu; bereziki, erraustegiaren eraikuntzarekin dagoelako lotuta, hau da, osasunaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik erabat jasanezina den azpiegitura batekin.
  10. Proposatzen dugun alternatiba bideragarria, eraginkorra, moldagarria eta jasangarria da, ingurumen zein osasun ikuspegietatik. Beraz, gure konponbidea ekonomikoagoa, ekologikoagoa eta osasuntsuagoa da eta berau konpost instalazioetan zein gaikako sailkapen eta tratamendu instalazioetan –material birziklagarri guztiak berreskuratuz eta gainontzeko hondakinen inertizatuz, kutsatu ez dezaten– oinarrituta dago.
  11. Errefusa gutxitzen duten udalak sarituko dituen hondakin kudeaketa sistema bat proposatzen dugu. Hondakinen murrizketa berrerabilera eta birziklatzea bultzatuko dituen sistema bat eta guztion onurarako eta planetaren onurarako izango dena".

"Gizarte zibilari" eta "hondakinen kudeaketan ardura duten arduradun politikoei, GHKri eta Foru Aldundiari" dei egin diete EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezker Anitzak eta Equok "garai berriek eskatzen duten kudeaketa arduratsu eta jasangarri baten alde" egin dezaten: "Urte luzez eman daiteken gatazka sozial, ekonomiko eta juridikoetan erori gabe, elkarrizketan eta adostasunean sakontzeko deia egiten dugu. Adostasunaren bidean gure eskua zabalduta duzue, eta garbi dugu EAJ-PSEren gobernua –eta Markel Olano jauna– egunen batean mahai baten bueltan gai honekin eseri eta akordioetara iritsi beharko dela".

Euren eskakizunari kasu egin eta erraustegiaren esleipena geratzea "elkarrizketarako eta eztabaidarako borondatea" dagoenaren "sintoma" litzatekeela gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak