goiena.eus

Javier Oleaga oñatiarra, Mondragoneko Osagaien Dibisioko presidenteorde

  Ekonomia  Debagoiena

Mondragoneko Batzorde Iraunkorrak Javier Oleaga izendatu du gaur, abenduak 21, Korporazioko Osagaien Dibisioko lehendakariorde berria izateko.

Dibisioko lehendakariorde lanetan datorren urtarrilaren 1ean hasiko da, karguan Jose Miguel Arregi ordeztuz, zeina, Korporazioko hainbat esparru eta kargutan ibilbide luze eta emankorra egin eta gero, erretiratu egin den. Oleaga, azken urteetan, Copreci kooperatibako zuzendari nagusia izan da.
Osagaien Dibisioa Mondragonen Industria Arloan integratuta dago, eta gaur egun honako kooperatiba hauek osatzen dute: Altsasuko, CS Centro Stirling, Copreci, Eika, Embega, Fagor Elektronika, Isoleika, Erreka, Orkli, Soterna eta Tajo.

Copreciri lotutako ingeniaria

Javier Oleaga Oñatin jaio zen, 1964an, eta goi mailako industri ingeniaria da Bilboko Ingeniari Eskolatik.
Bere ibilbide profesionala Copreciri lotuta egon da, eta hainbat kargutan jardun du kooperatiban eman dituen 26 urteetan. 1990ean hasi zen lanean, Kalitateko zuzendari karguan. Ondoren, 1995ean, Gas Egosketaren Negozioko zuzendari izendatu zuten, eta 2000. urtean kooperatibaren zuzendaritza nagusian sartu zen. Proiektuaren burutzan aritu den 16 urtean, Coprecik nazioartekotzeko prozesua finkatu du, Italian, Turkian eta Txinan filial produktiboak irekiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa