Debagoieneko zortzi erakundek jaso dute Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria

Leire Kortabarria 2016ko abe. 20a, 16:39
2016ko Bikain ziurtagiriak banatzeko ekitaldia.

Debagoieneko zortzi enpresa eta erakundek lortu dute aurten Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria. Zehazki, honako Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuak, Fagor Ederlan S. Coop-ek, LKS Koop. E-k eta Miguel Altuna LHIIk zilarrezko ziurtagiria lortu dute, eta Fagor Automation Koop.E-k, Fagor Electronica Koop E-k, Laboral Kutxak eta Txantxiku Ikastola Koop.E-k, urrezkoa, maila gorenekoa.

Ziurtagiriok abenduaren 19an banatu zituen Iñigo Urkullu lehendakariak, Donostiako Kursaal jauregian egindako ekitaldi baten.

9. urtez banatu dira Bikain ziurtagiriak, eta aurten, 400 lagun inguru batu ziren ekitaldian. Bertan izan ziren, Urkullu lehendakariarekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabal, Osasun sailburu Jon Darpon, Hizkuntza Politika sailburuorde Patxi Baztarrika eta Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañaga, beste batzuen artean.

Denetara, 52 erakundek jaso dute aurten Bikain ziurtagiria. Horietatik 19k urrezkoa jaso dute; 22k, zilarrezkoa, eta 11k, oinarrizko mailari dagokiona.

189 ebaluatzaile

Abenduaren hasieran amaitu zuten bere lana aurtengo 189 profesional ebaluatzaileek, 52 taldetan banatuta. Talde hauek Bikain ebaluazioa eskatu duten erakundeak laguntzeko aritu ziren, kanpo ikuspegia emanez.

Aztertutako dokumentazioarekin eta erakundeko pertsonekin egindako elkarrizketekin, ebaluazio-txostena egin zuten taldeek, euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakundeak zuen garapen-mailaren berri emateko (30 bat indargune eta hobekuntza arlorekin).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak