Enpresen konfiantzak zertxobait behera egin du

Leire Kortabarria 2016ko abe. 14a, 15:18
Laboral Kutxako Joseba Madariaga eta Xabier Egibar.

Laboral Kutxak enpresa-konfiantzari buruzko Inkesta egin die Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei, 2017ko lehen hiruhilekorako dituzten espektatiben berri izateko. Ikuspegi baikorra dute enpresaburu gehienek, baina konfiantza zertxobait jaitsi da aurreko inkestatik. Ondorioak Laboral Kutxak Ikerketa Departamentuko zuzendari Joseba Madariagak eta Negozio Garapenerako zuzendari Xabier Egibarrek aurkeztu dituzte.

Enpresek ingurune ekonomikoari buruz dituzten espektatibei dagokienez, %68,5ek uste dute egoerak bere horretan jarraituko duela, eta %17,5ek, hobera egingo duela.

Enpresek fakturazioari buruz dituzten aurreikuspenak onak dira, 2017ko lehen hiruhilekoari dagokionez. Hala, %60,9ren iritziz, egoerak bere horretan segituko du, eta %27,6ren ustez, onera egingo du. Beraz, fakturazio txarragoa espero duten enpresen kopurua %11,6koa baino ez da.

Aurreko adierazlearekin bat, 2017ko lehen hiruhilekoan jarduerak bere horretan segituko duela uste dutenen kopurua %66,7koa da, eta egoerak hobera egingo duela uste dutenena, %19,4koa. Inkestatuen %13,9ren ustez, berriz, jarduerak txarrera egingo du. Inkestatuen % 61,2k bolumenari eustea espero dute, eta %26,5ek, hobetzea. %12,2k, berriz, txarrera egingo duela uste dute.

Prezioei dagokienez, %78,6k uste dute prezioek bere horretan segituko dutela lehen hiruhilekoan. Gainerako enpresetatik, %7,1ek uste dute prezioak handiagoak izango direla, eta % 14,3k, prezioak jaitsi egingo direla.

Eragiketen errentagarritasun-espektatibei dagokienez, %67,7k uste dute errentagarritasunean ez dela aldaketarik izango, %14,3k errentagarritasuna handiagoa izango dela eta %18,0k txikiagoa izango dela.
Inbertsio-bolumenari dagokionez, enpresen %71,4k uste dute eutsi egingo diotela 2017ko lehen hiruhilekoan. %15,3k, berriz, inbertsio-bolumenak gora egitea espero dute. Beraz, inkestatuen %13,3ren ustez, inbertsio-bolumena jaitsi egingo da.

Azkenik, enpresen %79,3k uste dute enpleguari eutsi egingo zaiola, %12,6k plantilla handitu egingo dela eta %8,2k plantilla jaitsi egingo dela.

Inguruneari buruzko iritzia ez beste adierazleak gehitu eta Konfiantza Indizearen balioa lortzeko haztatzen bada, emaitza 53,2koa da. Ondorioz, aurreko hiruhilekoko datutik (55,1) hona, beherakada bat izan da. Espainian 54,5 eta Eurogunean 53,7 dira balioak.

Datu horretatik honako interpretazio hau egiten du Laboral Kutxak: 2017ko lehen hiruhilekoko ekonomiaren bilakaerari buruz ikuspegi ezkorragoa dutela enpresek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak