goiena.eus

Debagoieneko biztanleen %6,30 atzerritarrak dira; EAEn, %6,9

  Ekonomia  Debagoiena

Debagoieneko herrietan bizi diren atzerritarren portzentaia %6,29 da, Eustat erakundeak Biztanleen Udal Estatistikan jasotako datuen arabera; denetara, 4.668 atzerritar. 2016ko urtarrilaren 1eko populazio estatistikaren araberakoak dira datu horiek. 2015ean baino 80 atzerritar gehiago daude Debagoienean, baina, proportzionalki, gutxiago dira (%6,37 ziren 2015ean).

Debagoieneko biztanleen %6,30 atzerritarrak dira; EAEn, %6,9
EAEko udalerriak, dituzten atzerritar kopuruen arabera. | Ikusi handiago | Argazki originala

Debagoieneko herri batzuetan handitu egin da atzerritarren kopurua, eta beste batzuetan, txikitu. Honako hauek dira herriz herriko datuak, 2015ekoekiko aldearekin:

    •    Antzuola: 91 (-13), %4,09
    •    Aramaio: 65 (-9), %4,26
    •    Aretxabaleta: 403 (-16), %5,77
    •    Arrasate: 1.902 (+60), %8,68
    •    Bergara: 1.131 (+30), %8,68
    •    Elgeta: 81 (-2), %7,37
    •    Eskoriatza: 237 (-11), %5,78
    •    Leintz Gatzaga: 16 (=), %6,53
    •    Oñati: 742 (+41), %6,58

Eustat-en arabera, EAEn bizi diren atzerritar gehienak amerikarrak dira, eta denetara ia 150.000 atzerritar bizi dira erkidegoan, biztanle guztien %6,9.

Atzerritarren %36 amerikarrak dira

Atzerriko biztanleen artean, %36 amerikarrak dira, Espainiako batez bestekoa (%23) baino dezente gehiago. Multzo horretan, biztanle gehienak Boliviakoak, Kolonbiakoak, Nikaraguakoak eta Paraguaikoak –guztiak Hego Amerikakoak– dira. Hauek atzerritar guztien %18,7 eta amerikarren %52 dira.

Aitzitik, EAEn bizi diren europarrak atzerritarren %26,9 dira; Espainian %45,5. Talde honetan errumaniarrak nabarmentzen dira, atzerritar guztien %12 dira, eta europarren %44,1, Espainia osoan baino ia ehuneko 10 puntu gehiago. Ondoren, errumaniarrengandik distantzia handira bada ere, portugaldarrak agertzen dira, EAEn bizi diren europarren %17ra helduz.

Gipuzkoan, frantses gehiago

EAEn, Espainian baino afrikar gehiago bizi dira: EAEn %28, Espainian %22,7. Ia erdiak (%49) marokoarrak dira. EAEko bigarren nazionalitate afrikar ugariena aljeriarrak dira: %14,2. Euskal AEko atzerritarren artean, ondoren, txinatar eta pakistandarrak agertzen dira (% 7).

Araban afrikarrak dira nagusi; Bizkaian, berriz, amerikarrak. Bi kasuetan % 40ren gainetik.  Gipuzkoan europarren eta amerikarren proportzioak antzekoak dira, amerikarrena handixeagoa den arren.

Gipuzkoan frantses asko dagoenez, europarrak gehiago dira lurralde horretan besteetan baino. Gipuzkoak du afrikarren proportzio txikiena hiru lurraldeen artean; horietako %58 marokoarrak dira. Araban eta Bizkaian ere marokoarrak gehiengo dira afrikarren artean, %47 eta %44,3 hurrenez hurren, baina Gipuzkoan baino gutxiago. Bizkaian eta Gipuzkoan hurrengo nazionalitate garrantzitsuenak aljeriarrak eta senegaldarrak dira; Araban, berriz, hirugarren nazionalitate garrantzitsuena nigeriarra da.
Txinatarrak asiarren %59,9 dira Bizkaian; pakistandarrak, berriz, %19. Gipuzkoan eta Araban pakistandarrak dira gehiengoa, batez ere, Araban. Bertan bizi diren asiarren %60,3 dira.

2016ko urtarrilaren 1ean, atzerrian jaio eta Euskal AEn bizi ziren biztanleen kopurua 190.354ra heltzen zen, biztanle guztien %8,8; Espainian, berriz, %13,1ekoa zen.

57 udalerri, EAEko batez bestekoaren gainetik

57 udalerrik Euskal AE osoarena baino atzerrian jaiotako pertsonen portzentaje handiagoa dute: 19 Arabakoak dira, eta haietatik 17 udalerri %10en gainetik daude, gehienak Arabako Errioxakoak. Hauexek dira ehuneko handiena duten lau udalerriak: Nabaridas (%28ren gainetik), Berriatua (%14,6), Ordizia (%14,2) eta Markina-Xemein (%13,2).

Aitzitik, beste bost udalerritan ia ez da atzerritarrik bizi (%2 baino gutxiago). Lau Gipuzkoan daude (Orexa, Elduain, Aduna eta Gaztelu), Tolosaldean, eta bat Araban (Harana/Valle de Arana). Biztanle gutxiko herriak dira. Adunak –horien guztien artean handienak– 465 biztanle baino ez ditu.

Hiriburuek Euskal AEko gainerako herriek baino atzerritar portzentaje handiagoak dauzkate: Gasteizek handiena dauka, %11,8; Bilbok, berriz, %10,4 eta Donostiak %9,8, biztanle guztiak kontuan hartuta.

Erantzunak

Erantzuna | #1

Albiste honen arabera "atzerritarrak" ez dira Euskal Herritik kanpokoak, Espainiar Estatutik kanpokokoak baizik. Hau da, Miarritztar bat Ceutako bat baino atzerritarragoa omen..... Bejondeizuela!!!!

Erantzuna | #2

Eskerrik asko iruzkinarengatik.

Albiste osoan zehar Eustat erakundearen terminologia erabiltzen da, hau da, "atzerritar" kontsideratzen da Hego Euskal Herritik zein Espainiatik kanpo jaio den edonor. Aurrerantzean, kasuan kasu, hori zehazten ahaleginduko gara, gaizki ulerturik egon ez dadin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa