Aitor Arregi oñatiarrak jaso du Abbadia Saria Moriarti zinema etxearen izenean

Goiena 2016ko abe. 1a, 22:03
Moriartiko kideak saria jaso ostean; Arregi, eskumatik hirugarrena, saria eskuan duela.

Moriarti ekoiztetxeak jaso du 2016ko Abbadia Saria, ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz egindako ibilbideagatik eta euskarazko zinemari nazioartean bide berri bat irekitzeagatik.

"Moriartik bide bat markatu du" esan du Markel Olano ahaldun nagusiak saria ematerakoan. "Zuen lanaren bitartez gogorarazi diguzue kalitatezko ikus-entzunezkoen bitartez, eduki erakargarriak sortuz, euskarak barrera asko gaindi ditzakakeela".

Gaur banatu dute saria Foru Aldundiaren jauregian, Donostian. Okasiorako zinema gisa atondutako aretoan. Izaskun Alvarez artista errenteriarrak egindako lan grafikoa jaso dute oroigarri gisa Moriartiko sei kideek: Jon Garañok, Xabier Berzosak, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Jorge Gil Munarrizek.

Zuhaitz asko

Moriartiko taldearen izenean, Jon Garañok eta Aitor Arregik hartu dute hitza, saria jasotzerako orduan, eta beren ibilbidean lagundu dieten senide, adiskide eta babesleak izan dituzte gogoan. Aipamen berezia egin diete, baita ere, euskal zinemaren eremuan lanean diharduten lankide eta gainontzeko ekoiztetxeei. "Moriartiren zuhaitzaz gain, baso honetan zuhaitz gehiago dago. Eta sari hau guztiontzako dela sentitzen dugu", azpimarratu du Garañok. Eta azaldu du, Moriartiren filmak aurkezterako garaian askotan galdetzen dietela zergatik lan egiten duten euskaraz. "Ez da arrazoi bakar bat, baina bat eskatzen badigute, honako hau etortzen zaigu burura: Eta zergatik ez?", aldarrikatu dute Garañok eta Arregik.

Ikus-entzunezko industria sendoa

Markel Olano ahaldun nagusiaren iritziz, bestalde, "belaunaldi berriek euskara erabiltzea" nahi bada, "ezinbestekoa" da ikus-entzunezko "industria sendo" bat bultzatzea. "Belaunaldi berriek eskolatik jaso dute hizkuntza, eta eskolatik kanpora euskaraz egiteko zailtasun nabarmenak dituzte kasu askotan. Lagunarteko erregistroa falta zaie. Erabilera hori lantzeko ikus-entzunezkoek gero eta garrantzia handiagoa hartu dute", aipatu du.

Testuinguru honetan, Olanoren iritziz, Gipuzkoan bada "masa kritiko sendoa" sektorea "indartzeko eta bultzatzeko". Olanoren esanetan, duela 10 urte Tabakaleraren eraikina eraberritzeko egitasmoa bultzatu zutenean, argi zuten ikus-entzunezko edukien ekoizpena izan behar zela "Tabakaleraren bihotza". Eta gehitu du, gaur egun zentroa martxan dela, Foru Aldundia bi egitasmo ari dela bultzatzen helburu hori gauzatzeko: "lehenak prestakuntzari helduko dio eta bigarrenak esperientzia pilotu bat jarri nahi du abian euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza indartzeko", adierazi du Olanok. Eta azpimarratu du sustatze lan horretan, Moriartiren gisako ereduak "bidegile" direla.

Nazioartean bide berria

Iazko Abbadia Sariaren irabazle eta epaimahaiko kide Kike Amonarrizek, bestalde, nabarmendu du aurtengo Abbadia Saria Moriarti ekoiztetxeko kideek jaso dutela, "aitortzeko ikus-entzunezkoen esparruan euskaraz egiten ari den ibilbidea eta, bereziki, euskarazko zinemari nazioartean bide bat ireki izana".

Gizarteko, euskalgintzako eta euskal erakundeetako hainbat ordezkari bildu dira gaur Foru Aldundian, 80 egunean, Loreak edota bidean den Aundiya filmen autoreei errekonozimendua eskaini eta urteroko euskararen aldeko ekitaldi honetan parte hartzeko.

Saioko gidaria Joseba Usabiaga izan da, zeinek aretozain paperaz gain, aurkezle lanari heldu dion, bertaratu direnak zinema batean baleude bezala sentiaraziz.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak