Testigantzen bulegoa zabalduko dute urtarrilean Elgetako udaletxean

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko abe. 1a, 18:00
Apirileko Erresistentzia Egunean egindako manifestazioaren burua.

Frankismoak Elgetan eragin dituen biktimen lekukotasunak jasotzeko irekiko dute urtarrilaren 16tik otsailaren 17ra bitartean. "Biktimei edo biktimen senitartekoei ate bat ireki nahi zaie salaketak plazaratzeko", adierazi dute.

Elgetako Udalak jakinarazi du urtarrilean zabalduko duela frankismoak Elgetan egindako krimenen testigantzak eta dokumentazioa jasotzeko bulegoa.

Uztailean erabaki zuen Udalak Buenos  Aireseko epaitegi nazionalean zabalik dagoen frankismoaren aurkako auzian kereilari gisa aurkeztea. Hala, diligentziak eskatu, frogak aurkeztu eta errekurtsoak egin ditzake. "Biktimei edo biktimen senitartekoei ate bat ireki nahi zaie salaketak plazaratzeko", adierazi du kultura eta turismo teknikari Ainhoa Bernabek.

"Kereila kriminal honen helburua da udalerrian diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak ikertzea, zein baldintzatan egin ziren zehaztea, erantzule zuzenak eta zeharkakoak nortzuk izan ziren jakitea, eta kasuan kasu egozte, auzipetze, epaitze eta zigortze eskaera jartzeko erabakia hartzea".

Bernabek gaineratu du kereilarako hainbat eta dokumentazio gehiago lortuz gero ahalik eta zailagoa egingo zaiela auzi errefusatzea. "Frogak batu eta aurkeztu ahal izateko 1936ko uztailetik 1977ko ekainera bitartean jasandako erailketa, bortxaketa, tortura, bahiketa, desjabetze eta abarren testigantzak eta dokumentazioa jasotzea ezinbestekoa da", jakinarazi du.

Bulegoa udaletxean egongo da zabalik. Interesatuek hainbat aukera dituzte arduradunarekin harremanetan jartzeko: 943 76 80 22 telefono zenbakia edo turismoa@elgeta.net helbide elektronikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak