Opariz betetako jaialdia jasotako eta emandako guztia eskertzeko

Xabier Gorostidi 2016ko aza. 24a, 13:34

Bederatzi hizkuntz komunitatetako hamazortzi kidek hartu dute parte Huhezik eta Garabidek antolatu duten hirugarren aditu tituluan. Atzo ‘hizkuntzak opari’ jaialdia egin zuten Aretxabaletako Arkupen, urritik hona bidelagun izan dituzten erakundeei esker ona adierazteko.

Urrian hasi eta abendura bitartean hamar asteko ikastaro mamitsua antolatu dute Garabidek eta Huhezik hirugarrenez. Hain zuen, Hizkuntzak biziberritzeko estrategien gaineko ikastaroa.

Aurtengo ikastaroan Afrika, Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikako hizkuntza komunitateen ordezkariak izan dira gurean. Benineko baribeak, Txileko maputxeak, Boliviako aimarak eta guaraniak, Ekuadorreko kitxuak, Kolonbiako nasak, Guatemalako kaqkichelak eta Mexikoko nahuatlak eta maia yukatekoak izan dira parte hartu dutenak.

Egonaldi oparoa izan da parte hartzaileentzako eta horren erakusle izan zen atzo Aretxabaletako Arkupen egindako jaialdia. Hainbat erakunde publiko, ikastetxe eta euskalgintzako elkarteekin harremanetan izan dira eta atzokoan hizkuntzak opari izeneko ekitaldia egin zuten bidelagun guztiei esker ona adierazteko. Izan ere han batu ziren, esandako erakunde, ikastetxe eta elkarteetako ordezkariak eta agertoki gainean ikusi ahal izan genituen opariak elkartrukatzen.

Aditu Ikastaroa hirugarrenez egin dute aurten, bi helburu nagusirekin. Batetik, euren hizkuntzak babesteko aldez aurretik egindako lanen lekukotasunak elkarbanatzea, eta bestetik, Euskal Herrian euskara bizirik eta osasuntsu mantentzeko dauden estrategiak zeintzuk diren ikustea.

Pozik aritu ziren parte hartzaile eta antolatzaileak atzoko jaialdian. Jaia alde batera utzita, oso balorazio positiboak egin dituzte ikastaroak emandakoaz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak