Otxandiotik Iruñera, 20. Korrika

Eneko Azkarate 2016ko aza. 10a, 11:20

Datorren urteko martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 9an amaituko da Korrika 20. AEK-k antolatuta, beti bezala, eta oraingoan, Batzuk lelopean: "Hizkuntza, kultura eta mundu batzuk irudikatu nahi ditugu" diote Korrikaren 20. edizioko ordezkariek. 1980. urtean Korrika sortu zutenek jasoko dute 20. edizioaren omenaldia.

Datorren urteko martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuko da Korrika, eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, eskuz esku joaten den lekukoaren barruko mezua irakurri ondoren. Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute datorren urteko Korrika. San Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk sortutakoa.

Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak esan du "aurreko Korrika amaitu zenetik euskaraz bizitzeko hautua irmoago" dagoela euskal gizartean. Bere esanetan, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea: "Hori da AEKren urteotako zeregin nagusia"; dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez nahikoak dira", adierazi du Mugikak.

Bat baino gehiago

Batzuk izango da Korrikaren leloa, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahian. Bat eta zuk hitzen arteko jolasa da, herritarrak euskarara gonbidatzeko: "Hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira".

Asier Amondo Korrikaren arduradunak azaldu du leloa: "Hizkuntza, Kultura, Mundu BAT sendotzeko bidean, ZUK ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz".

Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte 20. edizioan. 1980. urtean jarri zen abian lehendabiziko Korrika eta, geroztik, "euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu da", Amondoren hitzetan. Korrikak batu egiten duen ekimena dela nabarmendu du, eta irudi koloretsua erabiliko dute 20. edizioan, hori islatu nahian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak