Aldundiak dio Gizarte politikei eta ekonomia sustapenari "lehentasuna" eman diela 2017ko aurrekontuetan

Eneko Azkarate 2016ko aza. 2a, 08:59
Markel Olano, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatuarekin aurrekontuak aurkezten.

Markel Olanok Gipuzkoako diputatu nagusiak 2017ko Foru aurrekontuak aurkeztu ditu. Aldundiaren esanetan, ekonomia sustapena eta gizarte politikak dira aurrekontuen "ardatz nagusiak". 19,3 milioi gehiago bideratuko dituzte Gizarte Politika departamentura, mendekotasun laguntzak eta egoitzetako plazak indartu eta Kabia eta Elkar-Ekin programen garapenerako.

Diputatu nagusiak azaldu duenez, esparru honetara doa aurrekontu hazkundearen %75 baino gehiago. "Europa mailan gizarte ezberdintasun gutxieneko lurraldeen artean egon nahi dugula esan ohi dugu, eta ekintzekin ari gara horretarako lanean", esan du Olanok.

Diputatu nagusia hedabideen aurrean agertu da 2017ko aurrekontuak aurkezteko, eta harekin izan dira Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza foru diputatua eta Jose Corchon Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusia.

Aurretik, Gobernu Kontseiluaren onespena jaso du proiektuak eta, ondoren, Batzar Nagusietan izan da Olano, ekimena Eider Mendoza presidenteari eman eta batzarkide taldeekin partekatzeko.

Guztira, 838 milioiko aurrekontu propioa izango du Aldundiak datorren urtean, aurten baino %3,16 eta ia 26 milioi euro gehiago. "Egonkortasunezko aurrekontua" dela adierazi dute foru arduradunek, "Gipuzkoak egun dituen erronka nagusiei erantzun" ematera bideratuta.

Gizarte politiketara bideratutako baliabideak nabarmentzeko, datu bat azpimarratu du Olanok: 2016an, biztanleko, 480 euro gastatu ditu Aldundiak gizarte zerbitzutan, eta datorren urtean 508.

Honen harira, finantzaketarako hain beharrezkoak diren baliabideak ekonomia sustapenaren eskutik iristen direla gogoratu du. "Egiten dugun planteamenduan, bi esparruak estuki lotuta daude", defendatu du.

Ekonomiak hobera eta 50 milioi enpresak sustatzeko

Olanok, ekonomia agertokiaren irakurketa baikorra egin du. "Adierazle askoren bilakaera oso positiboa izaten ari da azken hilabeteetan, Barne Produktu Gordina edota langabezia tasa kasu, baina oraindik ziurgabetasunek jarraitzen dute eta ezin dugu erlaxatu", esan du.

Testuinguru honetan, diputatu nagusiak nabarmendu du "inoiz baino garrantzitsuago" dela "ekonomia sustapenaren" bidetik jarraitzea. Hori dela eta, zehaztu du Ekonomia Sustapeneko departamentuak pasa den urtean izan zuen %50eko aurrekontu hazkundeari jarraipena eman zaiola, eta Ekonomia Suspertzeko Planak datorren urtean beste 50 milioi bideratuko dituela lurraldeko enpresa ehuna indartzera.

Bide azpiegiturak: Antzuola-Bergara

Bi zutabe nagusi hauekin batera, bide azpiegiturak eta zerga iruzurraren aurkako jarduketa dira aurrekontua egiterakoan Foru Aldundiak kontuan izan dituen beste bi lehentasun nagusiak.

Errepideen kasuan, Antzuola-Bergara bideko lanekin jarraituko du foru erakundeak, Gipuzkoako Biribilgunea proiektuari amaiera emango dion proiektua, eta horretarako 12 milioiko hazkundea du aurrekontuan Bide Azpiegituren departamentuak.

Zerga iruzurraren kasuan, giza baliabideen atalean iragarritako 45 langile gehigarriren hazkundearen lehen fasea exekutatuko da, eta informatika arloan Big Data teknologien garapenerako baliabideak handituko dira.

Bestalde, Pasaialdearen biziberritzeak, bere aldetik, berriro ere zortzi milioi euro izango ditu.

Horrela, 2017an departamentuak eskura izango duten kudeaketa aurrekontu propioak, hau da, finantza-zama kontuan hartu gabe, honako banaketa du:

Aurrekontuaren banaketari dagokionez, gizarte politikak kudeaketa aurrekontuaren ia erdia hartzen du bere gain, aurten izan duen pisua zertxobait handituz. Orokorrean, banaketa aurtengoaren lerrokatuta dago, Bide Azpiegituretan nabarmentzen delarik, puntu bat irabazi eta %10,5 izatetik %11,5 izatera pasa baita.

Hemen, aurrekontuaren banaketa:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak