"Osagai denak ditu Udalako auto Igoerak"

Xabier Urtzelai 2016ko urr. 21a, 10:32
A3 autoa A+Gas taldeak 2014an antolatutako motorshow-an; orain lehenengoz antolatuko dute Udalako Igoera. goiena

Astebete geratzen da Udalako Auto Igoerako lehenengo ediziorako, eta A+Gas taldeko lagunak egun handirako azken detaileak lotzen dabiltza: "Datorren astean jakingo dugu zenbat pilotu etorriko diren. Lehenengo lasterketa da, eta denboraldia amaitzear dago. Hau da, kategoria batzuetan irabazleak dagoeneko erabakita daude, eta baliteke pilotu batzuek kale egitea, baina beste kategoria batzuetan txapela erabakitzeke dago, eta hor lehia handia egongo da".

 

A+Gas taldekoei ez die ezustean harrapatu halako lasterketa bat antolatzeak daukan lanak, badute-eta esperientzia. Asier Amutxastegirekin egon da GOIENA: "Egia da lehenengo aldiz antolatuko dugula Udalako Igoera, baina 2014an motorshowa antolatu genuen, eta iaz Garaian egin genuena igoera txiki bat izan zen. Horrekin batera, aurten Leintz Gatzagako Igoera ere Eskomotorrekoekin batera antolatu dugu, eta halakoetan asko ikasten da. Hori bai, sei lagun gaude antolaketa taldean, eta datorren urterako taldea indartzea ezinbestekoa da. Hala, automobilismoa gustuko duenak, konpromisoa hartzeko prest dagoenak eta taldean lan egiten dakienak zabalik ditu ateak". Iker Suinaga, Asier Amutxastegi, Asier Zubillaga, Oxel Etxebarria eta Aitor Pagaldai arrasatearrak eta Joseba Arroiabe eskoriatzarra daude taldean.

Igoera laburra, baina ikusgarria 

Udalako Igoera Gorostiza auzoan hasiko dute –Malvinak– eta 2,8 kilometrotako igoera da. Ohikoa baino laburragoa denez, bost txanda egingo dituzte. Ia hiru kilometro horiek, baina, askorako emango dute: "Denetarik du, bi paella itxi, kurba motel eta azkarrak, abiadura handiko zonak... Jendeak gustuen arabera aukeratuko du non ikusi lasterketa. Niri tramu azkarretan pilotuek chicaneak zelan gainditzen dituzten ikustea gustatzen zait, eta igoera erdi inguruan bada chicane natural bat, guk ez ditugu jarriko. Beste batzuek paellak gurago dituzte, eta monjetakoa edo Udala auzokoa aukeratuko dituzte. Alde horretatik, uste dugu igoerak denetarik izango duela".

Asfaltoa egoera oso onean dago

Federazioak azpimarratu zituen gauzen artean daude asfaltoaren egoera ona, eta ikusleak jartzeko leku aproposak daudela: "Herrian zaletasun handia dago, eta uste dugu jendeak ondo erantzungo duela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak