Zerga-bilketa aurreikuspen eguneratuak "hazkundearen eta zuhurtziaren" bidetik doazela esan du Markel Olanok

Leire Kortabarria 2016ko urr. 17a, 13:52

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo eta datorren urtetako zerga-bilketa aurreikuspenak eguneratu ditu, eta diputatu nagusiak, Markel Olanok, pasa den egubakoitzeko Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan adostutakoaren berri eman du gaur, astelehena, eta, zehaztu duenez, lurraldearen zerga-bilketa % 3,18 haziko da aurten eta % 3,4 datorren urtean.

Olanok “ekonomiaren hazkundearekin lerrokatu” ditu datuok, baina “zuhurtziaren bidetik jarraitu” behar dela esan du.

Olanok Gipuzkoak hazkunde bidean jarraitzen duela nabarmendu du eta, nahiz eta 2016ko itxiera aurreikuspenak aldatu diren, berretsi du lurraldeak ez duela inolako doikuntzarik behar: “Zerbitzu publiko guztiak guztiz bermatuta daude”.

Diputatu nagusia eta Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga, Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu dira gaur, egubakoitzeko bileran adostutakoaren berri emateko. Bilera honen baitan Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Elkargoko hiru lurraldeek eta udalerriek urte itxierako zerga-bilketa aurreikuspenak berrikusi eta datorren urtekoak zehazten dituzte. Hau da, erakundeen finantzaketa iturrien fluxuen zenbatekoak adosten dira.

Iaz baino 130 milioi gehiago

Gipuzkoaren kasuan, 2016 itxierako aurreikuspena zuzendu eta % 3,18an geratu da, hau da, pasa den urtean baino 130 milioi euro gehiago. Diputatu nagusiak, hori bai, nabarmendu du zifra aldaketak ez duela inolako eraginik izango Foru Aldundiaren aurrekontuan, urtero % 2 inguru exekutatu gabe geratu ohi baita eta, hori dela eta, erakundeak baduelako aldea naturalki egokitzeko adina malgutasun.

Urte guztian zehar lurraldearen zerga-bilketaren bilakaera % 3,18 horren gainetik dabilela adierazi du Olanok, eta azken hilabeteotan % 4aren gainetik dabilela gogoratuz. “Gai honen inguruan hitz egin dugu bakoitzean zuhurtzia izan da erabili izan dugun hitza. Zuhurrak izan gara zerga-bilketa % 8 hazten ari zenean, eta zuhurrak izan gara % 2an zegoenean. Zuhurtziaz berrikusi dugu baita ere aurtengo itxierarako zerga-bilketa helburua”.

Gainera, azaldu duenez, Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan ez dute eragin handirik izango Estatuak Sozietateen gaineko Zergan ezartzera doan ordainketa aurreratuek, lurraldean gutxi baitira zergak Estatuko araudiaren arabera ordaintzen dituzten enpresak.

Datorren urtean, hazkunde txikia

Datorren urteari begira, % 3,4ko hazkundea aurreikusten da 2016ko itxiera aurreikuspenekiko; aurtengo aurrekontuekin lerrokatuta, hazkunde txikiarekin. “Zenbaki hauek jarraipeneko aurrekontuak diseinatzea ahalbidetzen digute eta, bide honetatik, gure apustu estrategikoak diren ekonomia sustapena eta gizarte politiken aldeko hautuan sakontzeko”, esan du Olanok. Bere ustetan, estrategia hau Gipuzkoa hazkundearen bidean izateko erantzuleen artean dago eta, hori dela eta, Foru Aldundiak norabide berean jarraituko duela azpimarratu du.

Bestalde, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsari (UFFF) dagokionez, diputatu nagusiak iragarri du Gipuzkoako Finantza Kontseilua martitzen arratsaldean egingo dela foru jauregian. “Aldundia eta lurraldeko udal ordezkariak elkartzen dituen foroa da, eta bertan emango zaie udalerriei aurtengoan euren finantzaketarako oinarrizko erreminta den funtsak izango duen hornidura”, azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak