Asier Altunak eta Aitor Mantxolak 'Kalebegiak' film pluralean parte hartu dute

Aitziber Aranburuzabala 2016ko urr. 14a, 15:44

Irailaren 21ean, Donostiako Zinemaldiaren barruan egin zuten aurre-estreinaldia Anoetako belodromoan; eta gaur, urriaren 14an, estreinatuko dute zinema areto komertzialetan.

Donostia 2016 Kultur ekimenaren eta Moriarti Produkzioak ekoiztetxearen arteko elkarlanaren fruitua da, Kalebegiak filma. Michel Gaztanbidek eta Jorge Gilek egindako proposamenetik abiatuta, hiru ardatz izan ditu proiektuak: Donostiaren askotariko aurpegiak eta errealitatea islatzea; Gipuzkoan ikus-entzunezkoen esparruan dagoen talentua erakustea; eta eskarmentu handiko teknikariak eta profesionalak lehen urratsak ematen ari direnekin elkarlanean jartzea. Emaitza, hamabi film laburrekin osatutako film kolektiboa izan da.

Bertako sortzaileei enkargua

Hamabost zuzendarik hartu dute parte egitasmoan; eta bakarka kasu batzuetan, eta, binaka beste batzuetan, film labur bat egiteko proposamena egin zieten. Horien artean dago, Asier Altuna, Kixi, zinegile bergararra. Aspaldiko partez, Telmo Esnalekin egin du film luzeko zati bat: Iraila izeneko film laburra. “Hasieran arraro samarra egin zitzaigun berriz ere elkarrekin lan egitea, gehienbat kanpotik egindako enkargua zelako, eta ez, guk horrela erabakita. Brinkola izan zen Telmok eta biok egin genuen azkeneko lana, eta ordutik hona bakoitzak bere bidea jarraitu du. Lana epe zehatz baten egin behar zen, baina, erlojuaren kontrako presioari aurre eginda, polita izan da berriz ere tandema osatzea. Istorioa topatzea izan zen zailena, baina, asko disfrutatu dugu, gero”, dio Bergarakoak.

Borja Cobeagaren eta Daniel Calparsororen dei bana jaso zuen Aitor Mantxola Oñatiko argazki zuzendariak, euren lan-taldean sartzeko. “Madrilen nengoen orduan lanean eta Cobeagarena egiteko egun gehiago behar nituela-eta, Calparsororena aukeratu nuen. Aldi berean hiruzpalau kamarekin grabatu genuen bi egunetan. Elkar ezagutzen genuen arren, sekula elkarrekin lan egin barik ginen. Ondo moldatu gara, beraz, akaso izango da etorkizunean, elkarlan gehiago”, kontatu du Mantxolak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak