Goiena paperekoa "aldizkariago"

Goiena 2016ko urr. 14a, 08:00
Datorren astetik aurrera argitaratzen hasiko den formatu berriko 'Goiena aldizkaria'.

Datorren astean aro berria hasiko du Goienak. Paperekoa berrituta etorriko da 701. zenbakiarekin batera. Goiena aldizkaria izango du izena aurrerantzean. Edukiz, diseinuz eta formatuz aldatuta jasoko dute irakurleek.

Aldatzen ez dena da egubakoitzetan banatuko dela eta, orain arte moduan, doan eta etxerik etxe -jasotzeko eskaria egin dutenek-, eskualdeko herri guztietan.

"Goienaren paperekoak 16 urte betetzen ditu aurten. Urte hauetan guztietan hainbat aldaketa izan ditu, diseinuari eta edukiari dagokionean. Orain beste bat ematera goaz: nabarmenena, formatuari dagokiona. Egunkari paperean inprimatuta joango da, baina aldizkari itxura handiagoa hartuko du" dio Iban Arantzabal Goienaren zuzendari nagusiak.

Beste aldaketa garrantzitsu bat izango du, ordea: 8 orrialde gehiago izango ditu eta, honenbestez, 48 orrialdeko aldizkaria izango da. Gainera, 48 orrialde horietatik 32 koloretan izango dira, ikusgarritasunean irabaziko duelarik.

Herriak nabarmenago

Herrien atalak orrialde gehiago izango ditu. "Gertukoena, herriko albisteak, apreziatzen dute batik bat irakurleek, eta horri eman nahi izan diogu inportantzia, herriei eskaintzen diogun espazioa handituz" dio Eneko Azkarate Goienaren edukien zuzendariak. Herrien hurrenkeran ere aldaketak daude: handitik txikira beharrean, gertutasunagatik multzokatu dira. Hala, Arrasate, Aramaio, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga ageri dira lehenengo, Bergara, Antzuola eta Elgeta, ondoren, eta Oñati amaieran.

Herrietako orriez gain, atal berriak ere jasoko ditu: Plaza edo Txutxu-mutxuak, esaterako. Parte hartzeari eta herritarrei ahotsa emateari garrantzia ematen jarraituko du Goiena aldizkariak, Komunitatea, Zabalik edota Nire ustez atalen bidez, esaterako.

Bada beste elementu garrantzitsu bat Goienaren papereko berrian. Honela azaltzen du Ubane Madera Goiena papereko arduradunak: "gaiak hobeto aukeratu nahi ditugu, herritarrei benetan interesatzen zaizkienak. Hala, kazetariok ahalegin berezia egingo dugu albisteak ondo hierarkizatzeko eta duten inportantziaren arabera aurkezteko".

Apustu honekin, paperekoaren produkzioa berritu eta indartu nahi du Goienak. Izan ere, datorren astean abiatuko denari gehitu behar zaio iaztik kalean den eta Goiena Klubeko bazkideek astero etxean jasotzen duten Puntua aldizkaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak